Ipuinak eta irudiak, oiartzuerazko hitzak sustatu eta zaintzeko
Irudi eta memeekin hamar astez erronkak proposatu ditu Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak. Orain, ipuin laburren lehiaketa martxan jarri dute, oiartzuerazko hitzak sustatzeko.
Oiartzuarrek beraien euskalkiari dioten atxikimendu maila altua da, baina Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak, Oiartzuarren Baitan egitasmoaren bitartez, sumatu du aspaldian gipuzkoerari begira jarri dela bertako hizkera. «Bide horretan, hitz asko galtzen ari dira; nahi duguna da gazteek hitz horiek ezagutzea», esan du Itsaso Aldai Landa Ttur-tturreko kideak.
Hitz horien erabilera beste kontu bat dela zehaztu du Aldaik, euskara elkartearen esku ez dagoena. Beraien helburua hitz propio horiek dibulgatzea izango dela berretsi du.
Horretarako, martxoan abiarazi zuten hamar aste iraun zuen erronka: astean behin oiartzuerazko hitz bat proposatu zuten, horrekin irudi edo meme bat egiteko. «Ez genekien zein harrera izango zuen sare sozialetan, batez ere Instagramen, berriak baikara», zehaztu du Aldaik.
Horregatik, Biyurrienekoekin hitz egin zuten, laguntzeko eta giro bat sortzen joateko. «Hasiera hartan parte hartzaileek bai erantzun zutela gehiago. Bukaerarako gehiago izan ziren atsegiteen kopurua edo jarraitzaile igoera. Hori bada neurtu dugun zerbait».
Alderaketa egin dute: Oiartzungo Euskaraldiaren profilak 200 jarraitzaile inguru pilatu ditu martxan daraman lau urteetan; Ttur-tturren Instagrameko profilak, berriz, 230 hilabete bakarrean.
«Instagramen jarraitzen gaituzte 18-19 urteko gazteek, eta horiek dira freskura eta etorkizuna. Onartzen dugu euskara elkarte batetik kosta egiten dela sektore horretara iristea, baina iritsi gara. Arrakasta da guretzako», gaineratu du.
«Ez genuen uste hainbeste gustatuko zenik istorio hau. Nahiko modu sinplean sortu zen sustapena, eta ikustea bakarrik inguruan sortu duen interesak pozten gaitu. Badago gogoa oiartzuerazko hitzak sustatzeko».
Oiartzuarren Baitan proiekturako grabatutako bideoak berrargitaratzeko aprobetxatu dute aukera. Bideo horietan Oiartzungo pertsona zaharrak agertzen dira, asteko hitza erabiltzen.
Ipuin lehiaketa
Hamar asteko erronkarekin lotuta, Ttur-tturrek beste proposamen bat egin die oiartzuarrei: ipuin laburren lehiaketa bat abiarazi dute. Erronkan erabilitako hitz bat (edo gehiago) sartu beharko dituzte gehienez ehun hitz izango dituen kontakizunean: Izu, Heldu, Aixa, Auro, Arront, Marru, Gotti, Betti, Ttur-ttur eta Ongi.
Parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake, eta gaia libre izango da. Ekainaren 13a baino lehen, Ttur-tturren posta elektroniko helbidera bidali beharko dira lanak. Mezu horretan bi fitxategi atxiki beharko dira: batean, idazlana ezizenez sinatua; bestean, egilearen izen-abizenak eta telefono zenbakia.
Sariak izango dira. Lehenengo saria Kastro kafetegiak eskainitako gosari bat izango da. Bigarrena, berriz, Paeta zaharrak erantzun! mahai jokoa. Epamahaikideak Ttur-tturrek izendatuko ditu, eta erabakia aldaezina izango dela erabaki dute.
«Zerbait sinplea eta lan handirik ematen ez duena da. Ea zer ateratzen den», esan du Aldaik. Modu horretan neurtu nahi dute zenbat lagunek jaso duten iniziatibaren berri.
Memegintza eta ipuingintza akuilatzeaz gain, Ttur-tturreko kideak beste hainbat lanetan aritu dira, eta ari dira. Horrela, orain arte hiru hitano ikastaro egingo dituztela gogorarazi dute, eta udazkenerako oiartzueraz hika aritzeko gida moduko bat argitaratuko dute.
Gainera, idatzizko oiartzuera estandarra sortzeko irizpideak emango dituzte. Ez dira horretara mugatuko: oiartzuerazko hitzak sustatzen jarraituko dute, erronkaren bigarren zatiarekin… eta hitz zailagoekin.