Oiartzun KEko mutilek lehen kanporaketa gainditu dute

Urolaren kontra jokatu dute Kopako lehenengo kanporaketa. Urretxu-Zumarragako taldea saiatu da hozkatzen, baina zauritu gabe.

oiartzun ke Yoguk sartu zuen lehenengo gola, penaltiz.

Oiartzun Kirol Elkarteko mutilek asteburuan hasi dute Gipuzkoa Kopako ibilbidea. Urola taldearen bisita jaso dute Ugaldetxon, itzulikorik gabe kanporaketan.

Partida aspergarri samar hasi zen, Urretxu-Zumarragako jokalari batek penaltia egin zuen arte. Eñaut Fernandez Yogu-k ardura ongi bete zuen, eta oiartzuarrak markagailuan aurretik zirela joan ziren aldageletara.

Atsedenaldiaren ondoren, etxekoek hartu zuten jokoaren gidaritza, baina zelai erdian izandako hutsegite batek urolatarren berdinketa ahalbidetu zuen.

Hor bukatu zen partida… bisitarientzako. Oiartzunek hainbat aldaketa egin zituen eta bi gol gehiago lortu zituzten, Juanjo Cardona eta Danel Garciaren bitartez.

Nesken taldeari, berriz, Mulierrek bolada moztu zion. Lau garaipen jarraian zeramatzaten, baina Iruñean jokatutako partidan porrotaren zapore mingotsa dastatu behar izan zuten. Irati Igoak sartu zizkien partidako bi gol bakarrak.

Neskek, hala ere, Lehen Nazional Mailako hirugarren postuari eusten diote, San Inazio liderrarengandik hamar puntura eta Gasteizko Aurrerarengandik hirura.

FUTBOLA

Emakumeen Lehen Nazional Maila. 2. fasea. 2-D Multzoa

  • Mulier — Oiartzun: 2-0.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Maila. Kopa.

  • Oiartzun-Urola: 3-1.

Emakumeen Euskal Liga. D multzoa

  • Gasteizko Aurrera — Oiartzun: 2-1.

Gizonen Gorengo Maila

  • Oiartzun — Vasconia: 0-9.

Emakumeen Gorengo Maila

  • Orioko — Oiartzun : asteazkenean, 19:15ean, Mendibeltz futbol zelaian.

ARETO FUTBOLA

Udaberriko txapelketa

  • Oiartzun KE — Xuga Gure Txokoa: 6-3.
  • Miren Tabernak atsedena izango du asteburu honetan.

SASKIBALOIA

Gipuzkoako Bigarren Maila

  • Oiartzungo Saskilagunak — Easo: 53-63.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.