Antzerkia, dantza, ipuinak eta bi aurkezpen asteburuan Lezon
Gaur eta igandean antzerkia eta dantza izango dira Gezalan. Bihar, bi aurkezpen, talde batena eta olerki liburu batena. Gaur ere, ipuin kontaketa.
Kultur eta bestelako ekitaldiei dagokienean, asteburukoak egun mamitsuak izango dira Lezon. Bihartik (ostirala) igandera arte badira hainbat deialdi, antzerkiarekin, ipuinekin, dantzarekin, literaturarekin eta herri mugimenduarekin harremana dutenak.
Denboran lehena bihar 16:00etako ipuin kontaketa da. Mikel Susperregik Asto gainean Guadalupera kontatu die haurrei Andreone liburutegiko Youtube kanalean, Ipuin Kapsulak egitasmoaren udaberriko hirugarren saioa izango denean. Hilaren 28an saioa errepikatuko du Susperregik, beste ipuin batekin, ordu eta irisbide berberean.
Ipuinetatik, antzerkira ostiralean. 17:15ean eta Gezala Auditoriumean, Tomaxen abenturak ikuskizuna eskainiko du Joxerra Fatxado pasaitarrak. Sarrerak erosi behar dira antzerkirako.
Larunbatean, berriz, bi aurkezpen. Lehena 11:00etatik aurrera da, Gezalan. Iratzerri mugimendua aurkeztuko dute, Lezo iraunkor eta berde baten aldeko taldea da. Horren barruan, Goiener taldeko Gurutz San Miguelek euren egitasmoaren gaineko xehetasunak emango ditu. Bigarrena (12:00etan, Aizpea ostatuan) Joxe Luix Agirretxeren olerki liburua aurkezteko izango da. Heriori ebatsitako poemak lana egin du lezoarrak, eta sortutakoaren gaineko argibideak jasotzeko (eta liburua erosteko) aukera izango da Aizpean, Urtzi Urkizuk gidatutako saioan, Lucien Etxezaharreta editorearekin eta egilearekin berarekin.
Igandean, aterpean (Gezalan, 19:30ean), dantza. Ertza konpainiak Zehar ikuskizuna taularatuko du Lezoko auditorioan. Sarreren prezioa 8 eurokoa da.