Bi oarsoar, Amorebietaren 'mirarian'
Beñat Garro jokalari errenteriarra eta Haritz Mujika bigarren entrenatzaile pasaitarrak Bigarren Mailara igotzeko txartela lortu dute.

Amorebietako jokalariak, igoera ospatzen. Beñat Garro etzanda, kamiseta gorriarekin [Arg.: @sdamorebieta].
Asteburuko futbol albisteetan toki nabarmena izan du Amorebieta taldearen igoerak. Aurrekontu apaleko taldeak Bigarren B Mailako oilarretako bat azpiratu du play-offetako finalean. Badajoz izan da Bigarren B Mailan parte hartu duten 102 taldeetan onena, baina ez finalean.
Iker Bilbaok 0-1ekoa sartu zuen 22. minutuan, eta markagailuari eutsi zioten azkenera arte. Atea hutsean uzteko lana egin zutenetako bat Beñat Garro errenteriarra izan zen. 46. minutuan atera zen zelaira. Denboraldian ere parte hartze polita izan du erdiko atzelariak.
Touringen harrobian hezitakoa da, eta Real Unionetik pasatu ondoren, bigarren denboraldia du Zornotzako taldean.
Zelaian eman beharrekoak emanda ditu Haritz Mujika antxotarrak. Orain bere ekarpena aulkitxotik egin du, Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzailearen ondoko gisa.
