Ertzaintzak larunbat gauean izandako jokaera salatu du Sortuk
Gazte batzuen aurka oldartu ziren. "Autoritarismoaren aldeko jokaera" salatu du alderdiak, eta gazteak kriminalizatu nahi izatea. "Errespetuzko" aisiaren alde egin dute.
Larunbat gauean grabatutako bideo bateko kaptura. Pasa den larunbat gauean Ertzaintza bilduta zeuden herriko hainbat gazteren kontra oldartu zen. Hainbat pilotakada bota zituztela jakinarazi dute lekukoek.
Horren harira, Sortuk ohar bat publiko egin du, poliziaren jokaera “neurrigabea” salatuz. Kasu isolatua ez dela esan du alderdiak, azken hilabeteetan horrelakoak ikusi ahal izan direla.
“COVID-19ak eragindako pandemia honen aurrean zerbitzu publikoak indartu beharrean, kontrol sozialaren, autoritarismoaren eta neurri murriztaileen aldeko apustua egin dute EAJk eta Eusko Jaurlaritzak”, salatu dute. Osasuna lehenetsi baino, pandemiaren bilakaera “herritarren bizkarren gainean” uzten dutela esan du ezker abertzaleko alderdiak.
“Gazteak kriminalizatu”
Sortuk esan duenez, “agintari eta komunikabide jakin batzuek” gazteengan jarri dute fokua, “guztiaren errudun” egiteko. “Beste behin, gazteak errudun gisa aurkeztu dituzte, nagusiki beraiena den ardura ezkutatu nahian”.
Euskal Herriko gazteen egoerari errepasoa eman diote: hirutik bat lanik gabe dagoela; 30 urtetan dagoela emantzipazio adinaren batez bestekoa; lan prekarioak nagusitzen direla… “Dirua eta inbertsio publikoak egoera hori aldaraztea bideratu beharko luke Eusko Jaurlaritzak, ez Ertzaintza gazte hauen aurka bidaltzera”.
Ertzaintzaren jarrera “lekuz kanpoko” bezala deskribatu dute, bai gazteen kontra oldartzeagatik eta herria “bereganatu” zutelako. “Helburua ez da pandemiari aurre egitea, herritarrongan beldurra zabaldu eta indarkeriaren bidez herritarrak diziplinatzea baizik”.
“Errespetuzko” aisiaren alde
Urtebete pasatxo da pandemia egoera izendatu zenetik, eta Sortuk onartu du herritar guztiak “nekatuta” daudela eta aisiarako eta sozializaziorako beharrak daudela, baina baita atsedenerako tarteak ere.
“Aisia eskubidea da”, zehaztu dute, “eta horrela aldarrikatu behar dugu. Baina aisialdi horrek errespetuzkoa izan behar du herritar guztiekin. Herritarrok elkar zaindu eta elkar errespetatzea ezinbestekoa ikusten dugu”.
Azkenik, larunbat gauekoak bezalako gertakaririk berriro ez gertatzea exijitu dute. Oiartzungo Sortuk iragarri du herritarren osasuna “zaintzen” eta “eskubide zibilak errespetatuak izateko” lanean jarraituko dutela.
