Jaiak bertan behera uzteko "aldebakarreko" erabakia gaitzetsi du EH Bilduk
Oposizioko alderdiak salatu du EAJ eta PSE-EEk bizkarra eman dietela "enegarren aldiz" Pasaiako kultur eragileei, herritarrekin erabakia kontsultatu gabe.
Pasaiako udal gobernuak gaur goizean jakinarazi du bigarren urtez jarraian, 2021eko herriko jaiak bertan behera geldituko direla udalerriko lau barrutietan. Erabaki horri erantzun publikoa eman dio oposizioko EH Bilduk, alderdiak uste baitu agintea duten EAJ eta PSE-EEk bizkarra eman dietela “enegarren aldiz” herriko kultur eragileei.
Bilkideek atsekabea eta haserrea adierazi dituzte, “pasaitarrok ez baitugu udal gobernu hau merezi”. Salatu dute barruti guztietako boluntario eta eragileek komunikabideen bitartez jaso behar izan dutela erabakiaren berri, jai batzordeekin edo kultur eragileekin ez baitu aurretik partekatu erabakia udal gobernuak.
Iritzi diote gobernuko bi alderdiek herriko eragileen aurkako jarrera dutela, “mespretxuz eta jauntxokeriaz betea, Pasaiako bizitza kulturala urteetan bizirik mantendu duten jai batzordeen aurka”. Argi dute egungo osasun egoeran ezin direla jaiak normaltasunez ospatu, baina salatu dute erabakia konpartitzeko edota batzordeekin elkarrekin hartzeko inolako nahirik adierazi ez dutela jeltzale nahiz sozialistek.
Jaietako aurrekontua, eragileentzat
EH Bilduk datorren plenoan proposatuko du jaietako diru-partidak jai batzordeekin eta eragile kulturalekin adostutako jarduera kulturaletara bidera daitezen: “Ez dugu onartuko udal gobernu honek gure herriko elkarteen herrigintzarekin eta bizitza kulturalarekin bukatzea”.
Adierazpena amaitzeko elkartasuna adierazi diete Pasaiako eragile eta elkarteei: “Lerro hauen bidez doakizue gure aitortza herria bizirik mantentzeko lanean boluntario ari zareten horiei, zuek egiten baituzue Pasaia izatea herri bat non bizitzea merezi duen”.