[Erreportajea] Gazteen irudimenetik jaiotako jolasgunea egi bihurtu dute
Pasaiako Udalak abiarazitako Eskubidean planak udalerriko haur eta nerabeekin parte hartze organo bat eratu du. Euren nahi eta beharretatik abiatuta, jolas eremu berri bat diseinatu eta eraiki dute.
Etorkizunean zer-nolako herria nahi duten erabakitzeko aukera eman die Eskubidean planak udalerriko haur eta gazteei. Egitasmoaren barruan martxan jarritako parte hartze prozesuan gaztetxoak izan ziren San Pedroko barrutian jolasgune berri bat eraiki nahi zutela adostu zutenak, eta haiexek izan dira hura diseinatu ez ezik, elkarlanean eraiki dutenak ere.
2020an abiarazi zuen sorkuntza iniziatiba Pasaiako Udaleko Haur eta Nerabeen Eskubideen sailak, eta joan den hilabete bukaeran egindako inaugurazio ekitaldiarekin eman zioten amaiera. Gazteen eskubideak bermatzeko planaren bitartez, udal bizitzan nahiz udalerrian haur eta nerabeen partaidetza bultzatu nahi dute, adingabeak subjektu politiko bihurtuz. Euren iritzi kritikoaren sinestun, etorkizuna diseinatzeko hautatu dituzte gazteak.
Pasaia-Lezo Lizeoko Lehen Hezkuntzako (LH) zaharrenek hartu zuten testigua, eurek proposatu baitzuten parte hartze organoan San Pedron jolas eremu berri bat eraikitzeko ideia, eta interes hartatik abiatuta aukera izan dute Morales Oliver plazan dagoen espazioa euren neurrira diseinatzeko. Prozesua dinamizatzen udaleko teknikari eta hezitzaileak aritu dira.
Talde txikietan hainbat maketa sortu zituzten ikasleek zonaldean zein elementu jarri nahi zituzten irudikatuz. Proposamen guztien artean bozketa egin zuten eta babes gehien jaso zuten ideiak batuz osatu zuten plano orokorra.
Joan den urtea bukatzear zela aurkeztu zieten gazteek San Pedroko bizilagunei esku artean zuten ideia bateratua, eta abenduaren 23an ekin zioten ordura arte margul izandako espazioa koloreztatzeari.
Lehen koloreak, Nexgraffekin
Nexgraff aita-seme sanpedrotarren laguntzaz hartu zituzten esprai eta brotxak plazako hormei bizia ematen hasteko. LHko parte hartzaileez gain, herriko beste hainbat eta hainbat gaztetxo animatu ziren margolaritza saio horietan euren hondar alea jartzera. Hala, hasieran abstraktua eta zentzu handirik gabea zirudien muralak orotariko aurpegien itxura hartu zuen egunez egun.
Gerora elkarlanean eraiki eta ipini zituzten gainontzeko elementuak jolasgunean: ping-pong mahaia, tutu formako txirrista gorri luzea, eta parkour egiteko estrukturak. Gazteek argi zuten «ezohiko» txoko bat sortu nahi zutela, izan ere, frontoiaren ondoan beste parke bat zegoen aurretik, baina hori «txikiegia» gelditu zaiela aitortu du Maia Altuna Fernandez parte hartzaileetako batek.
Magali Rodriguez Otaño kideak bat egin du hark esandakoarekin: «Hainbat jokotan aritzeko erabiltzen genuen parkea, baina zabuak eta bertako beste elementuak ez genituen aspaldi erabiltzen gure adinekoek».
Natale Montero Sotok uste du Morales Oliver plaza «bizitzaz bete» dela jolasteko eremu berria forma hartzen hasi zenetik, inguruan aurki ezin daitezkeen aukera anitz topa baitaitezke bertan: «Inguruko parkeetan ez duzu aurkitzen ping-pong mahai bat, adibidez, edo parkourra bezalako gauza berriak egiten ikasteko aukera ere».
Bakoitzak txoko bat du gogokoen, baina hiruak ala hiruak bat datoz zerbaitetan: tutu gorriak San Pedroko gazteengan zirrara piztu du. Hori bai, ohartarazi dute txikienek norbaiten laguntzaz jaitsi beharko luketela bertatik, altuera handikoa baita aldapa. «Kartel bat jarriko dugu», azaldu du Monterok, «jendeak jakin dezan elementu bakoitza nola erabili behar den».
Panela ez dute soilik ipiniko jolasgunearen baliatze egokirako, baita horren zaintza txukuna bermatzeko ere, hala aitortu du Rodriguezek: «Esplikatuko dugu nola eraiki dugun dena elkarlanean eta elementuak nola zaindu behar diren denok parkeaz disfrutatzen jarraitzeko».
Sorkuntza prozesua bukatzeko, inaugurazio ekitaldia egin zuten joan den hil bukaeran prozesu osoaren protagonista izan zirenek: haur eta gazteek. Egunera arteko lanaren errepasoa egin eta bertso bat ere bota zuten emaitza ospatzeko. Profesionalek gidatutako parkour tailerra eta ping-pong txapelketarekin inauguratu zuten parkea.
Magali Rodriguez Otaño: «Skate parke bat egiteko proposamena ere egin dugu»
Parkour egitea gustatzen zait; egia da ez zaidala oso ondo ateratzen. Baina saiatu nahi dut eta horregatik gustatzen zait parkea ere.Ping-pong mahaia da hasieran gehien erabiltzen genuena, lehenengo elementua izan zelako. Gero, denborarekin, txirrista eta gainontzekoa jartzen joan ginen.
Herriko umeek edo gazteek eskubidea dugu zerbait, elementu bat bada ere, jartzeko herrian.
Aurrerago skate parke bat egiteko proposamena ere egin dugu, baina oraindik ideia bat besterik ez da hori.
Natale Montero Souto: «Zona hau ez zen erabiltzen, eta orain beti dago jendea»
Gune politena ping-pong mahaiarena da, eta tobogana ere. Parke normal batean ez da egoten horrelako txirrista ikusgarria edo ping-pong mahai bat, hori egoten da beste leku batzuetan, kirola egiteko guneetan, eta horregatik da desberdina gure parkea.Parkour gunea ongi dago egiten ez dakien jendearentzat ere, azkenean animatu behar delako egiten hasteko, eta batzuei beldurra ematen die, baina horrela beldurra kendu eta ikasten joaten dira gutxika.
Parkea egin aurretik zona hau ez zen erabiltzen, eta orain beti dago jendea.
Maia Altuna Fernandez: «Haurrek ere nahi dugu eduki eskubidea erabakitzeko»
Gehien gustatzen zaidana txirrista eta ping-pong mahaia dira. Parkourra ez dakit oso ongi egiten, eta orduan ez dut erabiltzen beste elementuak bezala.Horrelako proiektu gehiago egin beharko lirateke, haurrek ere nahi dugulako eduki eskubidea erabakitzeko gure herria nola izango den. Guztiei eman behar zaigu aukera erabakitzeko zer jarri nahi dugun gure herrian.
Parke hau eduki aurretik beti ginen frontoian edo ondoko parkean, baina hori txiki gelditu zitzaigun, haur gazteagoentzat dira horko elementuak.