"Komunitate bat garen heinean denok izan gaitezke hezitzaile"
Oinherriren Oiartzungo taldea sortu dute. Bihar aurkeztuko dituzte proiektu hezitzailearen nondik norakoak, haurrek zein Oiartzun nahi duten adierazi ondoren.
Oinherriren herriko taldea eta proiektu hezitzailea aurkeztuko dituzte bihar. Oinherriko kide dira Lasa eta Martiarena, lehena Gizarte-Ongizate zinegotzi bezala, eta bigarrena Abaraxkako kide bezala.
Haurrentzako saioa 11:00etan izango da, Arizmendienean (eguraldi txarrarekin, Elizalden). Aurkezpen ekitaldia, toki berean, 12:30ean. Izena emateko, galdetegi hau bete behar da.
Zergatik sortu da Oiartzunen Oinherriren taldea?
Nekane Martiarena: Oinherriren aurkezpen bilera bat egin zen iazko ekainean, liburutegian. Guraso, irakasle eta norbanako taldetxo bat elkartu ginen, eta erabaki genuen biltzen jarraitzea, helburu horiekin bat eginda. Ondoren, martxoan, udalak hitzarmena sinatu zuen Oinherrirekin, herri hezitzaileen sarearekin bat egiteko.
Olaia Lasa: Bi gauzak batu dira: herrian lan egiteko gogoa zuen talde bat sortu izana eta udalak hitzarmena sinatzearena. Horrek bultzada eman dio.
Hainbat eragile zaudete: ikastetxeak, eragileak, udala, norbanakoak…
Lasa: Eragileengana iritsi eta ideia zabaldu nahi dugu beraien artean. Ikastetxeak daude, haur eskola dago, Abaraxka, udala…
Martiarena: Hori herrira zabaldu nahi dugu orain, aurkezpenaren bitartez.
Nori dago zuzenduta? Familiei?
Martiarena: Helburua herri hezitzailea izaten denean, ez da zertan familietara mugatu behar.
Lasa: Komunitate bat garen heinean, denok izan gaitezke hezitzaile.
Atsolorraren edo hildakoen omenezko intxaurrondoaren adibideak hor daude. Oiartzunen egiten diren gauza asko Oinherriko kide izan baino lehen egiten ziren, ezta?
Martiarena: Oiartzunek badu ibilbide bat. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Oinherri Oarsoaldean sortu zela; 2012an Oarsoirriak sortu zen, eta hori da Oinherriren oinarria. Orain beste izen bat izango du, baina aspalditik ari gara filosofia horrekin lanean.
Lasa: Beste dimentsio bat hartu du, Euskal Herrian zabalduta. Kontziente gara, orain sarearekin bat egin arren, herrian eta eskualdean filosofia horrekin lanean ari direla aspalditik.
Filosofian sakonduta, zein ezaugarri edota balore ditu?
Lasa: Haurtzaroaren kultura izena duena da gakoa. Jendarteko kide aktibo diren momentutik, beraien hitza kontuan hartu behar da. Horrela, parte hartzeko eta erabakitzeko eskubidea dute.
Guztia, aniztasuna eta parekidetasuna kontuan izanda, eta ingurumen naturala eta kultura zainduz. Komunitate sare batean eta auzolanean egingo da dena. Puntu horiek guztiak nahastu egiten dira, batera doaz denak.
Martiarena: Eta egiten dugun guztia, euskaraz.
Bihar haurrentzako tailerra eta, ondoren, aurkezpena egingo duzue. Zertan datza?
Martiarena: Haurrei galdetuko zaie ea zein den beren gustuko Oiartzun. Material ezberdin asko emango zaizkie haur edota talde bakoitzari, haiek erosoen eta errazenen ikusten duten moduan adierazteko: papera eta boligrafoa; egurra; plastilina; mozorroak… Abaniko handi bat, finean. Modu horretan herriari adieraziko diote zein nolako Oiartzun nahi duten.
Biharkoaren ondoren, saio berriak etorriko al dira?
Martiarena: Oraingoz, aurkezpenean zentratu nahi dugu. Egia da, hitzarmena sinatuz gero, herrian antolatzen diren gauzak filosofia horri jarraituta antolatu nahi ditugula.
Gu talde bezala zer izango garen, horrek bideak eta haurrek eta parte hartzaileek beraiek erakutsiko digute. Biharkoa aurkezpen txikia izango da, lehendabizi tailerrak, eta gero ekitaldi parte hartzaile bat Oinherri zer den azaltzeko. Zazpi asteko moskeo kanpaina egin dugu; jakin-mina piztu du.
Lasa: 12:30eko ekitaldian modu formalagoan azaltzeaz gain, lehenago haurrek landutakoa partekatu nahi da. Oinherriko kideek eurek azalduko dute proiektua zer den, baina horretaz gain, herriko eragileek parte hartuko dute, dantza eta bertsoekin. Ez dugu goitik beherako zerbait nahi; harremana horizontala izango da, hitzarmenak hala finkatuta.
Hasiberriak zarete. Planteatzen al duzue elkarlanik sareko beste herriekin?
Lasa: Hori da asmoa. Euskal Herriko beste herrietan dabiltza lanean, eta hango esperientzia horien guztien ekarpena egiten digu Oinherrik. Gainera, herrietan zein lanketa egiten dituzten ikusten dute, eta horren arabera antolatzen dituzte jardunaldiak.
Proiektu nahiko komunak izaten dira, eta jardunaldi horietan esperientziak partekatzen dira. Hitzarmena sinatzeak ahalbidetzen digu jardunaldi horietan parte hartzea.