Txirbilla, haurren eta gazteen aisia balioz betetzeko
Gazte talde batek haur eta gazteen aisian eragiteko apustua egin du Txirbilla taldea sortuz. Alorrean eskarmentua izateaz gain, garbi dute egitasmoarekin bat egiten dutenen bidelagun izan behar dutela.
Gogoeta batetik abiatuta sortu dute Txirbilla aisialdi taldea Lezon: haur eta gazteen aisian hutsunea dago. Horri, herrian dauden hezitzaileen kopuru altua erantsi behar zaio. Behar batetik abiatuta, eta jakinda horri irtenbidea emateko lanabesak daudela, erabaki dute aurrera egitea. Asko dira, gainera: 20 bat gaztek ilusioz eta gogoz ekin diote bideari.
Udalekuetatik, Faktoriatik, edo Parketarrak egitasmotik aparte, urtean zehar bestelako eskaintza plazaratzea da euren xedea, betiere balioetan oinarritua: euskara, parte hartzea, feminismoa, homofobiaren eta arrazakeriaren kontrakotasuna, bertako kultura, errespetua, eta haur nahiz gazteen interesak eta nahiak erdigunean izango dituzte. «Konturatu gara batez ere DBHn dauden gazteetan badaudela desegokiak diren joerak. Horri heldu, eta irauli nahi ditugu», adierazi du taldeko kide Idoia Lopezek.
Txirbillakoek zehaztu dute jada herriko ikastetxeekin harremana egina dutela, horien bitartez haurrak taldearen eskaintzaren berri eman eta parte hartzea bideratzeko (txirbilla.eus webgunetik ere eman daiteke izena). Eta lehen saioen daten berri eman dute: hilaren 21etik 25era, eta 28tik 30era HHn eta LHn daudenekin saioak prestatu dituzte, 10:00etatik 12:00etara; jolasak eta tailerrak egingo dituzte. Uztailean, berriz, goizez udaleku irekiak daudenez, arratsaldera bideratu dute eskaintza: hil horren 8, 15, 22 eta 29an 17:00etatik 19:00etara bilduko dira. «Oraingoz ez dugu baliabide handirik, beraz, uztailean astean behineko dinamika hitzartu dugu», adierazi du Lopezek.
Gazteak
Gazteei begira, berriz, ekaineko asteburu batean olinpiadak egitea dute asmo, eta aurrerago, uztailean eta abuztuan txangoren bat. «Ekainaren 18an egin nahi dugu gazteekin batzarra. Haiekin partekatu nahi dugu, adostu, zer eta noiz egin. DBH3-4koak eta Batxillerrekoak bideratu nahi ditugu gazteen taldera», zehaztu du Beñat Arruabarrenak. Hori baita Txirbillakoen asmoa: taldekideak bidelagun izatea gazteek eta haurrek proposatuko dituzten ekintzetan.
Garazi Cuestak egin du Txirbillaren irudia. Lezoko hitza da: egurra lantzean ateratzen den lagin kiribildua da Txirbilla. Taldea aurkeztu aurretik egin zuten aztoratze kanpainan ederki asko ezagutarazi zuten irudia. Eta hasi berri diren arren, egin dituztenek onarpen handia izan dutela azaldu dute.