Basoak hurbilagotik ezagutu dituzte ikasleek
Basoak lehen eskutik ezagutu, eta hausnarketa eginda konpromisoak eta proposamenak zehaztu dituzte Errenteria-Oreretako zazpi ikastetxeetako ikasleek Eskolako Agenda 30en barruan.
Basoak lehen eskutik ezagutu, eta hausnarketa eginda konpromisoak eta proposamenak zehaztu dituzte Errenteria-Oreretako zazpi ikastetxeetako ikasleek Eskolako Agenda 30en barruan. Basora egindako irteerak izan dituzte ikasleek aurten egindako lanketaren ardatz. Lanketa eginda, ondorio ugari atera dituzte ikasleek, tartean, udalerrian baso ugari dagoela eta egoera onean daudela, aberastasun handiarekin. Eremu natural horietan topatutako hondakinez ere mintzatu dira ikasleak; batez ere mahaiak dauden eremuetan topatu dituzte hondakinak, eta horien bilketa ere egin dute.
Herritarren artena galdeketak egin dituzte, eta horren arabera, mendizaletasun izan badela ondorioztatu dute, baina inguruko mendi eta baso eremuen ibilbideen gaineko informazio gehiegirik ez dagoela ohartu dira. Beste ondorio bat ere atera dute: gazteak dira, adin taldeei erreparatuta, mendira gutxien joaten direnak.
Lanketa egin ostean, 11 konpromiso hartu dituzte ikasleek: Zuhaitzak eta landareak errespetatzea puskatu gabe; animaliak bakean utzi haien habitata eta ingurunea aztoratu gabe; herri inguruko mendietara gehiagotan joaten saiatu; basora edo mendira joatean zaborrik ez uztea bertan; zuhaitzak aldatu; haziak erein landare berriak sortzeko; inguruan diren zuhaitzak ezagutzen saiatu; mendian surik ez egin; mendiak emandako baliabideak arduraz kontsumitu; animaliarik ez ehizatzeko mezua zabaldu; baserritarren bizimoduaz ikasi eta haien naturaren ustiapen jasangarriaz ikasi.
Udalari ere proposamenak egin dizkiote ikasleek. Joan den astean egin zuten foroa Aizpea Oategi alkatearekin lanketaren berri emateko, eta bertan egin zituzten eskaerak. Udalerriko baso eta zuhaitzak zaintzen jarraitzeko eskatu diote, eta mozketarik bada, bertako espezieekin ordezkatzeko; mendiko bideak zaintzea eta herritarren eta ikasleen arteko baso garbiketak programatzea; musikaz eta basoaz gozatzeko, musika emanaldiak eremu horietan antolatzea ere eskatu dute. Irteera gidatuak, herrian dauden zuhaitzak ezagutzeko ibilbidea, eta zonalde berde bat erdigunean ere eskatu dituzte.
Azkenik, Sanmarko gotorlekuko parkeko zelaiko zuloak estali, jolastokiaren egitura ongi sendotzea, komunak jartzea, taberna irekita mantentzeko laguntzak ematea, eta ibilgailuak mantso joan daitezen seinalizazioa hobea jartzea ere eskatu dute.
Guztiak ongi jasota, datorren ikasturte hasieran egingo den udalbatzan ikasleen eskera guztiei erantzuna emateko konpromisoa azaldu zien Otaegik.