Garaipen erosoa, Lehen Nazional Mailan jarraipena berresteko
Oiartzungo neskek Itaroa Uharte taldearen kontra garaipen polita lortu dute, maila berresteko. Areto futboleko derbian, Miren Taberna nagusi.
Oiartzun Kirol Elkarteko nesken talde nagusiak Lehen Nazional Mailan jarraituko du datorren denboraldian. 11 talde dira ligan, eta horietatik sei jaitsiko dira kategoriaz. Oiartzun ez da tropel horretan izango.
Eguzkiak ongi berotutako partida jokatu zuten atzo goizean, Karla Lekuonan. Garaipen erosoa lortu zuten oiartzuarrek, Itaroa Uharteren kontra. Talde urdinak eraman jokoaren gidaritza, momentu oro, eta Maria Granadok —nola ez— sartu zuen lehenengo gola. Bigarren zatian atera zen Nahia Amores, eta bereak izan ziren taldearen beste bi golak. Nafarrek Haizea Belaunzaranen atea zulatzea lortu zuten. Aldea askoz handiagoa izan zitekeen.
Denboraldiko azken aurreko partida izan zen atzokoa. Gipuzkoako Gorengo mailakoei ere beste partida bat falta zaie. Asteburuan Orereta Kaferen kontra husna berdindu zuten, eskualdeko derbian.
Emakumeen Euskal Ligako taldeak bere eginbeharrak bete zituen, Gasteizen irabazita. Hala ere, gainontzekoek zer egingo zuten itxoin behar zuten; ez diote mailari eutsi.
Azkenik, areto futbolean, Oiartzungo bi taldeen arteko derbia jokatu zuten ostiral arratsean Elorsoron. Miren Tabernak liderra gainditu zuten, 4-2.
FUTBOLA
Emakumeen Lehen Nazional Maila. 2. fasea. 2-D Multzoa
- Oiartzun — Itaroa Uharte: 3-1.
Emakumeen Euskal Liga. D multzoa
- Lakua — Oiartzun: 0-2.
Emakumeen Gorengo Maila
- Orereta Kafea — Oiartzun: 0-0.
ARETO FUTBOLA
Udaberriko txapelketa
- Miren Taberna — Oiartzun: 4-2.