Ikasleek Txara eta Ibargain parkeak garbitu dituzte
Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasleek elkarlanean garbitu dituzte parkeak, Adin Txikiko Mahaiak sustatuta. Kontzientziazioa izan da helburua.
Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Institutuko ikasleek Ibargain eta Txara parkeak garbitu zituzten atzo goizean, auzolanean. Adin Txikiko Mahaiak proposatu zuen elkarlan hori egitea.
Hainbat eragile biltzen dira mahai horren bueltan, tartean, ikastetxeak. Adierazi dutenez, bazterretan dagoen zikinkeria kopuruarengatik eta azkenaldira ikusi diren hainbat jarrerarengatik kezka planteatu zen foro horretan. Esan eta egin.
Oiartzungo Udalak eskerrak eman dizkie garbiketan parte hartu zuten guztiei, inplikazioa adierazteagatik. “Garbiketa hauek herritar guztien kontzientziazioa lantzeko balio izatea espero dugu, eta herriko haur eta gaztetxoek egin duten lana errespetatzea”, adierazi du udalak.
Gaineratu dutenez, ingurua garbi mantentzea guztien ardura da. “Eta guztiontzat, onura”.