AHTaren "baimenik gabeko zundaketak" salatu dituzte
Oarsoaldeko AHTrik Ez taldeak protesta ekintza egin zuen atzo, Oiartzungo Mendigain eremuan zundaketak egiten ari direlako.
Oarsoaldeko AHTrik Ez taldeak salatu du AHTa egiteko “baimenik gabeko zundaketak” egiten ari direla Oiartzunen, Mendigain inguruan. Atzo (asteartea) ohartu ziren inguruko bizilagunak zundaketak egiten ari zirela. Horren harira, atzo bertan han dauden makinetan protesta ekintza egin zuten.
Taldeak datu gehiago eman ditu. Zehaztu du Oiartzungo Udalaren baimenik ez dutela zundaketa horiek egiteko, eta horregatik, udal erakundeari eskatu diote geldiaraz ditzala. Erakundeei nahiz herritarrei erne egon daitezela eskatu diete aldi berean, “lan hauek lur jabeen eta udalen baimenik gabe ezin dira egin”.
Taldekideen arabera, Astigarraga-Lezo AHTaren trazatua “ez da bailara honek behar duen azpiegitura”. Azpiegitura aldetik ingurua gainezka dagoela nabarmendu dute, eta “AHTren diru xahuketa” beste behar batzuetara bidera dadila eskatu dute, arlo sozialera adibidez. “Hego Euskal Herrian aurrekontuaren %43 alferrik gastatu dute, baina oraindik %57 dago gastatzeko. Garaiz gaude erokeri hau gelditzeko”.