Gehiengo sindikalak lan istripuan hildako garraiolari gogoratu du
Gexa enpresako 47 urteko langileak Orozkon izan zuen lan istripua, eta hiru egunera hil zen. Lanbarrengo biribilgunean egin dute elkarretaratzea.
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Lanbarren industriaguneko biribilgunean.
Pasa den asteko astelehenean 47 urteko garraiolari batek lan istripua izan zuen Orozkon, eta zauri larriek eraginda, ostegunean hil zen. Gexa enpresarentzako egiten zuen. Aldi berean, Laudioko Guardian enpresak zuen azpikontratatua.
Sektoreak bizi duen prekarietatea salatu dute sindikatuek, eta neurriak eskatu dituzte lan istripuak geldiarazteko. ELA sindikatuak daraman kontaketaren arabera, 29 dira lan istripuan hil diren langileak.