Muruetagoiena: "Ate guztiak joko ditut egia, justizia eta erreparazioa lortzeko"
Esteban Muruetagoiena kasua Europako Parlamentura eraman dute. Medikua zenaren alabak, Francisco Etxeberriak eta Jonathan Martinezek hartu dute parte.
EH Bilduk eta Junts per Catalunyak antolatuta, Europako Parlamentura eraman dute Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua izandakoaren auzia. 1982ko martxoaren 28an hil zen, Guardia Zibilaren kuartelean hamar egunez inkomunikatuta egon ondoren. Webinar baten bidez egin dute mahai ingurua.
Clara Ponsati Juntseko europarlamentarioak egin ditu aurkezpen lanak. Segidan, Muruetagoienaren alaba Tamarari eman dio hitza. Lehenik eta behin, gogorarazi du bost urtez aritu zela Europako Parlamentuan lanean, 1999an hasita; Berdeen taldean aritu zen lanean. “Orduan ez nuen imajinatuko aitaren kasua bertara iritsiko zenik”, aitortu du.
Connecticutetik hitz egin du Muruetagoienak. Dena 1978an hasi zela gogorarazi du, ingelesez egindako parte hartzean. “ETAk Espainiako polizia militarraren [Guardia Zibilaren] kuartel bati eraso egin zion. Hildako bat egon zen, eta tiro ugari”, azaldu du. Etakideen artean zaurituak egon ziren, eta Muruetagoienaren etxera joan ziren, laguntza eske.
Tamara txikia eta ama —Elixabete Hormaza— zeuden etxean; Esteban, ez. Hormazak Jose Manuel Yetano medikuari deitu zion, zauritua artatzeko. “Beraien jatorrizko plana zauriak sendatu eta muga pasatzea zen, baina hamazazpi egun eman zituzten gure etxean”, esan du orduan lau urte zituen Muruetagoienak. “Odoletan zegoen gizon hura ahaztea ez da gauza erraza”.
Aita kontsultara joaten zen, normaltasuna irudikatzeko, eta inori ez esateko eskatu zioten. “Gertatu zena gertatu zen; ezin da aldatu”, gaineratu du Muruetagoienak.
Atxiloketa, 1982an
Hortik aurrera gurasoen bizitza ezberdina izan zela jakinarazi du. Gurasoak banandu egin ziren, eta Tamara Madrilera joan zen bizitzera, amarekin. 1979an auzitegiak Muruetagoiena ikertzen hasi ziren, baina libre geratu zen, errugabetasuna azalduta. Azken finean, mediku lanak egin zituen.
Hala ere, gauza ez zen horrela geratu: hiru urte geroago, ETAk egindako ekintza baten ondoren, Guardia Zibilak jende asko atxilotu zuen Oarsoaldean. Tartean, Esteban Muruetagoiena.
Lege Antiterrorista ezarri ziotela azaldu du haren alabak, eta gazteleraz erabili duen hitz bakarra esan du: “Incomunicado“. “Ez duzu kanpoko ezerekin harremanik, ez duzu abokaturik ere”, azaldu du nazioarteko publikoan pentsatuz. Bera Madrilen bizi zen amarekin, eta ama ere atxilotu zuen. “Beldurgarria izan zen. Ama aitaren ondoko ziega batean jarri zuten, bere oihuak entzun zitzan”.
Aita eta ama kargurik gabe aske utzi zituzten, lehenak bederatzi egun pasatu ondoren, eta bigarrenak, bi. “Aita ez zen lehenagokoa, ez zen sekula gehiago gizaki izan. Atera eta berehala galdetu zuen ea non nengoen ni. Hortik aurrera, ez zuen konexio mental logikorik adierazi”.
Hiru egunera hil zen, 1982ko martxoaren 28an, 39 urterekin. Iskanbila politikoa sortu zuela gogorarazi du Muruetagoienak, eta Amnesty International berak fokua jarri zuela heriotza hartan.
Ganorazko autopsiarik ez zioten egin. “Istorioaren bukaera. Ez zen justiziarik”.
Isilaldi luzea
Duela hamalau urtera arte ez zuen aitari gertatu zitzaionari buruz hitz egin, aitaren heriotzaren 25. urteurrena betetzean. “Gizarte erakundeek asko lagundu ninduten, baina justizia bilatzeko geldiarazita geratu nintzen, ez nuelako justizia bilatzeko biderik aurkitzen”.
Bera zientzialaria dela azaldu du Muruetagoienak, eta aurrera egiteko “datuak” behar direla gaineratu. “Paco Etxeberria auzi medikuak eta bere taldeak argia eman zidaten, baita jakintza ere. Ondoren, laguntza tsunami bat jaso nuen”.
Eskerrak eman dizkie Ponsati eta Pernando Barrenari —EH Bilduko parlamentaria; berak gidatu du saioa—, aitaren auzia Europako Parlamentura eramateagatik, baita Jonathan Martinez kazetaria eta Etxeberria berari ere. “Ez dago hitzik zenbat maite zaituztedan adierazteko”.
Muruetagoienak, bukatzeko, guztiei eskatu die bere aitaren kasua zabaltzeko, ahal bezain beste, bertxio, atsegite eta abarrekin.
“Bada Muruetagoienari idatziko dionik”
Jarraian Martinezek berak hartu du hitza. Naizerako osatu du Muruetagoienaren istorioa. Gabriel Garcia Marquezen El coronel no tiene quien le escriba liburua gogorarazi du, esateko Muruetagoienak baduela idatziko dion norbait. Gaurko saioa idazlan horretan kokatu du.
Kontakizuna osatzeko zailtasunen berri eman du: “Sakabanatuta zeuden kontakizunak zeuden, eta horiek batu behar ziren. Tamarak ikusi zuen bazegoela kontakizun erraldoi bat. Inork ezin du mugatu torturatutako zerrendako zenbaki soil bat izatera”.
Detektibe baten lanarekin alderatu du: “Denbora asko pasa da ordutik: bertsio kontrajarriak zeuden, ahulak… Kontraste lana egin behar zen, sakon. Adibidez, nire burua hemeroteka batean ikusi dut 1982ko kartelera edo eguraldia egiaztatzen”.
Martinezen ustez, bi kontakizun daude, “botereak ezarritako ofiziala”, alde batetik; eta “ezarritakoari ñabardurak egiten dizkionak”, bestetik. Biktima guztien duintzea eskatu du, batez ere polizia gehiegikeriak jaso dituztenena. “Badirudi kategoria gutxiagokoak direla”, ebatzi du Martinezek.
Muruetagoienaren auzia Europako Parlamentura iristea “aukera leihoa” dela esan du. “Memoriak partekatu behar dira; gizarte heldu batek egia guztien berri izan behar luke”.
“Autopsia eskandalagarria”
Francisco Etxeberria auzi-medikuak gogorarazi du 1982an ikasketak bukatzen ari zela, eta Muruetagoienaren heriotzak nola izan zuen eragin handia bere Gipuzkoako medikuntzako kideen artean.
Esan duenez, Esteban Muruetagoienari egin zioten autopsia “eskandalagarria” izan zen. “Mediku hark bularra ireki, bihotzeko lesio bat ikusi eta bihotzekoa izan zela ondorioztatu zuen. Belarritik odola ateratzen zitzaion, baina ez zuen kaskezurra ireki”, azaldu du.
Auzi-mediku daniar eta frantziar bana aurkeztu ziren Euskal Herrian, kasuarekin kezkatuta. Ezin izan zioten bigarren autopsiarik egin, baina lehenengoa egin zuen medikua elkarrizketatu zuten. “Galderak egin zizkioten, eta erantzunetan astakeriak besterik ez zituen esan”.
Jarraian, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak agindu zuela indarkeria politikoko kasuak ikertzea, tartean torturarena. 2015ean jaso zuten enkargu hori. Admnistrazioak onartu zuen torturaren praktikoa “ohikoa baino gehiago” izan zela; esaldi zehaztugabe hori argitzen hasi ziren.
Dokumentatzen eta ikertzen hasi ziren. EAEn 4.113 kasu jaso dituzte, eta nabarmendu du Nafarroakoak ez direla sartu. Mila bat izan daitezkeela zehaztu du. “2.443 lekukotza ditugu, grabatuta”, esan du. Espainiako Estatuko epaitegiek 31 biktima aitortu dituztela esan du, eta 49 poliziakide zigortu. Beste bederatzi zigor jaso ditu Espainiako Erreinuak Europaren aldetik, behar bezala ez ikertzeagatik.
Adierazi duenez, gora egiten joango da kopuru hori, oraindik kontatu ez duten batzuek pausoa emateko urratsa eman dezaketelako. 1979 eta 1992 urte arteko salaketetan zentratuko direla jakinarazi du.
Baikorra da Muruetagoienaren kasuarekin. “Uste dut aitortuko zaiola torturaren biktima izan zela. Ez du askorako balio izango, baina bai aitortza ofizial bat egon dadin”.
“Ez dut zigorrik bilatzen”
Parte hartzeen ondoren, galderen txanda iritsi da. Tamara Muruetagoienari galdetu diote ea zer bilatzen duen. “Ez dut zigorrik bilatzen, ez litzaidake gustatuko jendea zigortzea nire aitaren izenean. Baina, hori bai, errudunak aurkitzen badira, legeak ezarrita dauka kartzelan pasatu beharko lituzketela urte batzuk”.
Gaineratu duenez, bide legala hartu nahiko luke, eta, horretarako, erakunde guztien atea joko du. “Egia, justizia eta erreparazioa lortu nahi ditut”.