[Erreportajea] «Zentzurik gabeko» itxiera luzea
Iazko urritik elkarteek ez dute irekitzeko aukerarik izan, ez dute arrazoirik jaso gainera. Taberna eta jatetxeen eskubide berberak exijitu dituzte enegarrenez. Egoerarekin gogaituta daude bazkideak.
Isiltasuna eta iluntasuna dira nagusi oraindik ere Oarsoaldeko eta Bidasoko gastronomia eta kultur elkartetan, txokoetan alegia. Aspalditik ez da girorik bertan, kuadrillek ez dute mus partidarik jokatzen jada, ez da janari usainik, ezta ekitaldirik ere. Duela zortzi hilabetetik, urritik zehazki, itxita jarraitzen baitute denek, bertako bazkideen eta herritar askoren haserrerako. «Arrazoirik gabe» ixtera behartu dituztela salatzen aritu dira azkenaldian, amorruz. Galdera berbera errepikatu dute hainbatetan denek: «Zergatik guri ez digute irekitzen uzten?». Erantzunaren zain jarraitzen dute elkarteen arduradunek eta bazkideek.
Iazko udaran zabaltzeko aukera izan zuten elkarteek, baina urrian berriro ixtera behartu zituzten, «inolako arrazoi eta irizpiderik gabe», dio Errenteria-Oreretako Alkartasuna elkarteko kide Ritxar Maritxalarrek. Ordutik emandako egoera «oso gogorra» izaten ari dela aitortu du, egoerarekin nazkatuta daudela atzeman dakioke. «Haserrea baino amorrua sentitzen dugu, ez gaituzte kontuan hartu. Eskerrak bazkideek kuotak ordaintzen jarraitzen duten, bestela… Ez dugu baja askorik sumatu, jendea gogoz dago, mantentzeko apustua egin dute zorionez». Gastronomiatik harago elkarteek gizartean hutsune handia utzi dutela erantsi du, eta eskaera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzari: elkarteen egoera legisla dezatela. «Txokoen egoera ez dago legeetan kontenplatuta, batzuetan ostalaritza kontsideratzen gaituzte, besteetan gazte lokal bat, ikaragarria da. Hori arautu beharko litzateke», erantsi du.
Oiartzungo Girizia elkartekoen egoera berbera da, aspaldi erakutsi zuten euren haserrea, maiz salatu dute itxierak ez duela «inolako zentzurik». «Luzeak izan dira hilabete hauek. Elkartea eskura dugula ikustea, baina ezin erabili, gogorra izan da», kontatu du Martxel Toledo elkarteko kideak. Labi batzordearen hurrengo bilera guztien zain ibili direla kontatu du, baina badakite, azkenaldian bezalaxe, amestutako erabaki hori atzera daitekeela. «Herriari zerbitzu bat emango ez bagenio bezala tratatzen gaituzte». Elkarteak hutsik daude oraindik, baina ohiko gastuek bere horretan jarraitzen dutela erantsi du Giriziako kideak. Zentzurik gabeko egoera batean daudela dio. «Batek daki zein den ixtera behartzeko arrazoia. Eskubide berberak ditugu guztiok ustez, eta izugarrizko ezberdintasuna egiten dute gurekin. Azkeneko katebegi hori gara».
Egoeraren «zentzugabekeria» azaltzeko ostalaritzaren adibidea azalera atera dute bi elkarteetako kideek. Taberna eta jatetxeek egun dituzten eskubideez aritu dira, eta haiekin alderatu dituzte elkarteak. «Hori da galdera, zergatik gu ez eta haiek bai. Taberna eta jatetxeei aukera hori eman diete protesta egin dutelako, eta gizartean pisu handia dutelako. Horren arabera araudia aldatu diete, haien kexak kontuan hartu dituzte», azaldu du Giriziako ordezkariak.
Elkarteak seguruak dira. Hori argi utzi nahi izan du Maritxalarrek, taberna eta jatetxeetan bezain beste —«edo gehiago»— neurri hartzen direla. «Egoera oso gogorra da gizartearentzako, ez dugu hori ukatzen. Horregatik beti neurri zorrotzak hartu ditugu, eta beti egingo dugu hori. Iaz ez zen kasurik egon elkarteetan». Toledok gehitu adierazi duenez, elkarteetan bertaratzen direnen kontrol zorrotza egiten da, «ostalaritzan baino askoz ere gehiago». Nor sartzen den, norekin, noiz, zenbat denbora pasatu duen bertan… «Kontrol handia dago», erantsi du oiartzuarrak. Egunerokotasunean elkarteek betetzen duten funtziotik harago, elkargune oso bereziak dira, biek hori nabarmendu nahi izan dute. Toledorentzat «etxe bat» da Girizia, ondo pasatzeko aukera emateaz gainera, «herri kultura hori zabaltzeko» tresna da harentzat eta gainerako bazkideentzat. Urtean zehar egiten dituzten kultur eta kirol egitasmo guztiek hala dela berresten dute. «Funtsezkoak dira gure gizartean, oso lan berezia egiten duten denek, aukera oso bereziak eskaintzen dituzte». Maritxalarrek ere iritzi berbera du, eta hari ere «bizitza» ematen dio elkartean lagunekin biltzeak. «Kirol, kultur edo gastronomia elkarteek herriari bizitza ematen diote. Jende ezagunarekin eta ezezagunarekin adostasunetara iritsi behar duzu egunerokoan, eta hori oso positiboa da. Ez dira lehen mailako behar bat, noski, baina funtsezkoak dira Euskal Herrian».
Elkartasunak, itxialdirik ez
Elkarteek duten helburu bikoitz horren erakusle argia da Hondarribiko Klink elkartea. Urtean zehar dozenaka elkartasun bazkari, afari eta ekitaldi egiten dituzte, baina tamalez, azken urtean ez da hala izan. «Hilabetero bazkari solidarioak egiten ditugu, baina azken urtean ezinezkoa izan da. Halere, formula birpentsatu dugu, eta elkarteak duen kutsu solidario horrekin jarraitu nahi izan dugu», azaldu du Lupe Gomez elkarteko kideak. Bazkarien ordez, menu solidarioak kozinatzen ibili direla kontatu du hondarribiarrak, «pandemiatik harago gure nortasun hori mantendu» nahi izan dutelako. Hala, menu horiekin ateratako dirua, orain arte bezala, munduko hamarka bazterretara iritsiko da.
Gomezek gaineratu duenez, azken urteetan 40.000 euro baino gehiago bideratu dituzte Etiopia, Sahara edo Mozambikera, baita kutsu solidarioa duten beste hainbat egitasmotara ere. «Ez gara kontziente, baina jende asko lagundu dezakegu hemendik. Egoera zaila da, baina ez dugu negarrik egingo, tinko jarraituko dugu honekin». Hondarribiko elkarteen egoera ere oso zaila izaten ari dela berretsi dute Klinken. Bazkideen %20 inguruk izateari utzi diotela azaldu du beldurrez, eta hileroko 3.000 euroko gastuei aurre egiteko gero eta zailtasun gehiago dituztela azaldu du kezkati. «Kokoteraino gaude, gastu pila bat ditugu eta ia sarrerarik ez. Egoerara moldatzen ari gara, baina nahikoa da, gutxietsita sentitzen gara. Ez dakit zergatik ari diren hau egiten gurekin». Beraz, hurrengo Labiren bileraren zain daude.
Elkarteak irekitzeari argi berdea emango diotela uste dute, itxaropen hori badute oraindik. «Badirudi egoera hobetzen ari dela, espero dugu hurrengo Labiren bileran erabaki hori hartzea, bestela jai daukagu», dio Alkartasuna elkarteko kideak. Toledok ere itxaropen hori du. «Aspalditik gatoz horrela, ea hurrengoan baiezkoa den. Ea hurrengoan benetan tokatzen zaigun». Litekeena da Eusko Jaurlaritzak irekiera agintzea hurrengo egunetan, COVID-19aren intzidentzia tasa 150etik beherakoa baita jada Gipuzkoan. Erabaki hori hartuz gero, %40-50 inguruko edukierarekin zabalduko dituztela aurreikusten hasi dira elkarteak, eta horrek ere eragin zuzena izango du askorengan. Egoera hori emanen bada, txoko txiki askoren errealitateak orain arteko berbera izaten jarraituko duela salatu dute hiru elkarteek. Borrokan tinko jarraitzea da euren asmoa