Gure Eskuk eta Assembleak uztailaren 10ean "mobilizazio handi" bat aurkeztuko dute
Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte erakundeek, askatasunaren eta autodeterminazio eskubidearen alde elkarrekin antolatutako lehen mobilizaziora deitu dituzte herritarrak.
Gure Eskuk, Assembleak eta Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya, 2022ko udaran batera egingo duten mobilizazio handi baten berri emango dute uztailaren 10ean. Aurkezpen ekitaldiak, Katalunian eta Euskal Herrian aldi berean egingo dituzte, eta “askatasuna eta autodeterminazio eskubidea” aldarrikatuko dute. Omnium erakundeak ere lagundu du.
Euskal Herrian bi ekitaldi egingo dira:
- Uztailaren 10ean iluntzean, Aiako Harria argiztatuko dute. Parte hartzeko, aurretik izena eman behar da eta 5 euro ordaindu beharko dira asegurua izateko. Elurretxetik 19:00tan abiatuko dira, eta Arritxulotik 18:30etan.
- Egun berean, gaueko 21:30etan, hurrengo urteko mobilizazio handia aurkezteko ekitaldi politiko bat izango da Orereta Ikastola inguruan, Añabitarten, Aiako Harrira begira dagoen behatoki batean, zehaztu dute. Ez da izena eman beharko.
Katalunian ere, bi ekitaldi antolatu dituzte momentu berean izango direnak:
- Uztailaren 10ean iluntzean, Pedraforca mendia argiztatuko dute. Parte hartzea mugatua izango dela argitu dute.
- Argiztatzearekin batera, ekitaldi politiko bat egingo dute Molers els plans gunean. Hemen ere, Pedraforcara begira dagoen begiratoki batean izango da. Ez da izena eman beharko.
Oraingoz ez dute 2022. urtean egingo den mobilizazio handiari buruzko informazio gehiagorik eman. “Ekintza ikusgarria, parte hartzailea eta sinbolismo handikoa” izango dela aurreratu dute.