[Erreportajea] Orratx!-ek ‘antro’ bihurtuko du Gezala asteburuan
Lezoko antzerki taldeak ‘Antroan intro’ antzezlanaren herriko estreinaldia egingo du bihar eta etzi herriko aretoan. Arteak jendartean duen tokiari buruzko gogoeta plazaratuko dute, argi izpiekin.
Bihar eta etzi Gezala Auditoriumeko areto nagusia antro bihurtuko dute Orratx! Antzerki Taldekoek. Iluntasuna, giro lizuna, narratsa… zulo antzeko bat, baina argi izpiekin. Antroan intro lanik berrienaren herriko estreinaldia egingo dute bihar eta etzi 19:30ean hasiko diren emanaldietan. Lerrook irakurtzen dituztenak ez daitezela has azkar batean sarrerak erosteko ahaleginean. Alferrik da. Bi saioetarako tiketak agortu egin dira. Antro-ko sarreran sold out jartzen du. Deban egin zuten lanaren aurrestreinaldia lezoarrek, maiatzaren 22an; han izandako arrakasta ziur herrian ere errepikatuko dela.
Iluntasunaren barruan, ordea, argi izpiak jarriko dituzte aktoreek. Lokal aldrebes horretara kanpotik doazen pertsonek eramango dute argia eta itxaropena. Haien ilusioak aurkeztuko dituzte, gune likits hori baita arte eta sormen lanak aurkezteko herriko toki bakarra, eta azkena. «Pandemiari buruzko gogoeta da, antzerki eta artearen gainekoa, eta birusak horretan izan duen eraginarena. Arteak gure gizartean zein toki duen birpentsatzeko esparru bihurtu nahi dugu obra», zehaztu du Lierni Fresnedo zuzendariak.
Traza ezkorra du denak. Pandemiak eragindako etsipenarena. «Ezkortasunetik abiatu genuen obra honen lanketa», aitortu du Begoña Azpiazu taldekideak. «Ezin ginen etxetik atera, ezin genuen elkarrekin entseatu, konpromisoak bertan behera utzi behar izan genituen… ‘Zer egin behar dugu?’, galdetu genion gure buruari», kontatu du Azpiazuk. Antzerki taldearen izatea bera ere zalantzan jarri zuten. Une batez den-dena bertan behera uztea pentsatu zuten. «Baina hori ez genuen nahi», irmo, Mertxe Larreak: «Uzten baduzu, bukatu da. Akabo. Zaila berriz ere berpiztea».
Baina ezkortasunetik jakin zuten altxatzen. Elkarri esan zioten aurrera jarraitu behar zutela. Eta binaka, talde txikitan, banaka, inprobisatzeko bideari ekin zioten, aktore sena atera zuten, barruan zutena azaleratzen hasi ziren, ondo pasatzen; zentzua eta gorputza hartu zuen denak. Orratx! berpiztu egin zen, gogoetatik eta kultura senetik abiatuta. «Aktibismo puntu bat, konpromiso pertsonala-edo atera zitzaigun. Pandemia honetan zer egin behar dugu kulturarekin, antzerkiarekin? Ez zen erraza izan, baina apustu bat egin genuen. Aurrera egitea. Kultura behar dugu». Antroan intro hori da: ausardiatik eta konpromisotik ateratako obra, taldekideen zati pertsonaletik dezente duena, kulturak duen tokia lehenik zalantzan jarri, eta ondoren goretsi duena. «Gogoeta potentea egin dugu».
Gozatuko dute
Azpiazu eta Larrearekin batera, Joseba Salaberria, Amaia Herrero, Araitz Larrea eta Edurne Agirrezabala jasoko ditu Gezalako oholtzak. Fresnedo zuzendariaren laguntzailea Pello Elvira da. Eta dena egoki joan dadin oholtza ondoko babesa Begoña Amunarrizek eta Patxi Larreak emango dute. Ekipo oso ona.
Taldekideek uste dute ikusleek ondo pasako dutela. Espero dute plazaratuko duten gogoetarekin bat egingo dutela Gezalako besaulkietan, eta kalean. Badakite herria ondoan dutela, herriko antzerki taldearen lana baloratzen duela. Lezoarrek ongi baitakite antro-etatik salbu ateratzen. Horren erakusle, aurreko asteburuan Orratx! Txiki eta Orratx! Gaztek eskainitako antzerki saioak. Argi izpi gehiago hor.