[Galeria eta bideoa] Presoen eskubideekiko elkartasuna, erronka guztien gainetik
Errenteria-Oreretako Sarek erronka jarri du, gaur goizean betetzeko: 500 kilometro egitea. Bizikleta estatikoan, ergometroan edo oinez, erronka erraz gainditu dute.
Errenteria-Oreretako Sarek erronka jarri du gaur goizerako, 500 baietz! izenburupean: 500 kilometro baino gehiago egitea presoen eskubideen alde. Bizikleta estatiko bidez, ergometroan edo prestatutako zirkuitu txiki batean oinez, hamarnaka lagunek hartu dute parte erronkan. Eta bai, lortu dute.
Epea jarri zuten 500 kilometroak betetzeko: lau ordu, 10:00etatik 14:00etara. Pedalkadak eman, aulki mugikorra higitu edo oinetakoen zolak gastatu dituztenak kontrolaren barruan sartu dira, baita sartu ere: 12:15 ingururako betea zuten erronka. Langa gaindituta, ez dira geratu, presoen eskubideekiko elkartasunak gehiago merezi duela iritzita.
Elkartasuna ez dute eurek bakarrik adierazi. Harrobira bizikleta martxakoek soberan utzi dituzten pintxoak hurbildu dizkiete, indarrak hartzeko asmoz.
Herriko hainbat kolektibok hartu dute parte: gazteek, emakumeek taldeek… baita dultzaineroek ere. Bi gauza batera egin daitezkeela erakutsi dute, azpiko bideoan ikus daitekeen bezala.
Sei preso
Une honetan sei euskal preso oreretar daude. Horietako bat etxean dago preso, Aitzol Gogorza, espetxeratze arinduan. Beste bat Euskal Herriko espetxe batean —Martutenen—, Mikel Arrieta. Gogorzak eta Arrietak gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte. Beste laurak, Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan daude sakabanatuta. Jesus Mari Etxeberria Goierri, adibidez, Puerto III espetxean dago, etxetik 1.025 kilometrora.
Eider Perez, motxiladun umearen ama, Zaragozako Zueran kartzelatuta dago, etxetik 253 kilometrora. Bikotekidea ere espetxean da. Jose Manuel Inziarte Buto, Kantabriako El Dueson, etxetik 174 kilometrora; eta Xabier Goienetxea Goiene, Mont de Marsanen, etxetik 145 kilometrora.