[Galeria eta bideoa] Pedalkadak, harro daudela adierazteko
Oarsoaldeko Kuku Taldeak antolatuta, bizikleta martxa 'transmarikabolloa' egin dute gaur goizean: Harrobira. Eskualdeko udalerri eta barruti guztietatik pasatu dira.
Egun garrantzitsua da gaur txirrindularitzarentzat: goizean La Course egin dute txirrindulari emakumeek, eta eguerdi partean hasi da gizonen Frantziako Tourra. Oarsoaldean ere fokua bi gurpilen gainean zihoazen tropela baten gainean jarri da.
Harrobira egin dute lehen aldiz, Kuku Taldeak deituta, lehiaketa hutsa baino garrantzitsuagoa den zerbait aldarrikatzeko: norberak bere sexualitatea aske bizi ahal izatea. Eskualdean kuku deitzen omen zitzaien emakumezkoak gustuko zituzten emakumeei. Hala ere, orientazio guztiekiko lagunkoia izan da martxa, eta parte hartzaileen profiletan islatu da: les, gay, trans, bi, haur, zahar, erosketak egitera joan eta bidean batu den heteroren bat…
Donibanen hasi dute bizikleta martxa transmarikabolloa. Ortzadar koloredun bandera udaletxe zaharreko mastan igo ondoren, eskualde osoa esnatzeko moduko traka bota dute. Bizikletak hartu, alde zaharreko Paris-Roubaix txikia pasatu, eta Lezora abiatu dira.
Lezon Saldise plazan gelditu dira —atseden hartzeko oraingoz ezer gutxi egina zuten—. Morez margotutako eskaileraren eta ortzadar koloreekin margotutakoaren arteko zutabe bat hartu, eta kolorea eman diote. Eskularruak jantzi, eskuen markekin apaintzeko.
Oiartzunerako bidea hartuta, jende gehiago ikus zitekeen bide bazterretan, agian petardoek esnatuta. Bizikleta martxa pasatu ahala, txalo eta animo oihuak gehitzen joan dira espaloi eta bide bazterretatik.
Askok harrituta ikusi dute karabana koloreaniztuna, baina zer zen konturatu orduko, eskuak astintzen hasi dira. Nabarmentzekoa Sarek Errenteria-Oreretan antolatutako ekitaldiko parte hartzaileek eman dizkieten txalo zaparrada.
Atsedena, gerizpean
Oiartzungo plazara iritsita —dirudiena baino aldapa pikoagoa du—, musika eta poema batentzako tartea egon da. Gero, buelta eskualdeko herririk populatuenera. Gamon Zumardian atsedenaldi luzea egin dute, ibilbidearen erdialdera iritsi baitira. Hor anoa puntua izan dute, jana eta edanarekin.
Oiartzungo Nexka* Gazteak kolektiboko kideek hamaiketakoa prestatu diete pedalkadaka ibili direnei: patata tortilla eta opilak. Menuaren aukeraketa ez da ausazkoa izan… Mezuak idazteko tartea ere egon da.
Indarrak ongi hartuta, berriro Pasaiarako bidea hartu dute. Antxon, Gure Zumardian, photocall kolektiboa egin dute, marianitoa eskuan topa egiteko.
Trintxerpen, berriz, Eider Perezek ibilbidean zehar koipeztatutako bertsoa kantatu du, San Pedrorako bidea hartu eta Oarsoaldeko bukle txikia bukatzeko. Bokalearen alde horretan ere bai igo dituzte banderak, alkateordetzaren eraikinean. Ondoren, merezitako bazkariarekin gozatzeko aukera izan dute.
Oraindik ez da eguna bukatu: hanketako karranpei gorputz osokoak batuko zaizkie, ziur. Gaur —ere bai— gozatzeko eguna ari duelako.