Oier Mitxelena oiartzuarra, segalarien finalean
Mutil gazteen kategorian bigarren postua lortu du aurreko bi jardunaldietan. Auritz Alkortaren kontra arituko da buruz buru, Imotzen.
Almitza elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligako azkeneko jardunaldia jokatuko dute bihar arratsaldean, Imotz bailarako Etxaleku herrian (Nafarroa). Bertan, mutil gazteen kategorian, Oier Mitxelena oiartzuarra arituko da.
Biharko jardunaldia hirugarrena da. Aurreko bietan puntu gehien pilatu dituena Auritz Alkorta izan da, Mitxelenak baino bi gehiago lortuta. Beraz, bihar erabakiko da Almitza elkartearen txapelketa nork eramango duen. Gainontzeko mailetako lehiak ere bihar izango dira.