Makutsoko baratzeetan Lurbizi egitasmoa garatzen jarraituko dute

Ekaineko ohiko plenoa egin dute. Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' egitasmoa laguntzeko puntuak ekarri zuen bi taldeen arteko desadostasuna.

plenoa ekaina 2021 oiartzun

Atzoko plenoko irudia [Arg.: @oiartzunudala].

Ekainari dagokion udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean. Bederatzi puntuko gai-zerrenda zuten, eta ia gehienak aho batez onartu ziren.

Horrela izan zen —besteak beste— udalak eta Behemendi elkarteak sinatutako hitzarmenean. Lurbizi egitasmoa garatzen jarraitzeko asmoz, orain arteko akordioa berritu zuten bi erakundeek, beste bost urtetarako.

Lehen sektorea sustatzen jarraituko da horrela. Makutso baserriko lurren bost urtetarako alokairua eta hesien mantenua bere gain hartuko ditu udalak horrela.

Beste gaiei dagokionez, Karrikako Errotaurre eta Arraskue-errota eremuan udal jabetzako eta jabetza pribatuko lurren trukea onartu zuten. Horrez gain, Oarsoaldea Garapen Agentziari egin beharreko ekarpena zuzendu zuten, Ereiten programa garatzeko diru-kopurua egokituz.

Desadostasuna ekarri zuen puntua izan zen Udalbiltzak sustatzen duen Geuretik sortuak egitasmoa. Udalak 24.000 eurorekin sustatuko du sortzaileak laguntzeko programa nazionala, eta herrian egonaldia egiteko aukera emango dute. Horrez gain, egitasmoaren aterpean sortutakoak herrian ikusi ahal izango dira.

EAJ abstenitu egin zen. Rafael Bergaretxe zinegotziak adierazi zuenez, Geuretik sortuak ez dute begi txarrez ikusten, baizik eta Udalbiltzarekiko duten iritziagatik abstenitu ziren.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.