Ander Iñarra: «Lasterketek bizitzarako oreka hori ematen didate»
Ia urte eta erdi lehiatu gabe ibili da lezoarra, baina sasoi itzelean dagoela erakutsi du Munduko Kopako lehen proban. Etenaldiak ongi egin diola aitortu du, «indarberritzeko» probestu duela urtea.
Munduko Kopa ezin hobe hasi duzu Italian, bosgarren postu batekin. Zer nolako esperientzia izan da?
Ederra. Ongi iritsi naiz indar aldetik, gehiegi gastatu gabe esan dezagun. Oraindik ez nago %100ean entrenamenduei dagokienez, baina sentsazioak oso onak dira. Pandemiagatik ia urte eta erdi lasterketarik gabe egon naiz, lehiatu gabe. Joan den maiatzean pare bat lasterketa egin nituen, eta oraindik erritmoa hartzen ari naiz. Azkenean lasterketek ematen dizute puntu hori, eta oraindik sumatzen dut indar eta txispa hori falta zaidala, baina oso pozik nago lortutakoarekin, sorpresa atsegina izan da.
Lehen proba izan da, baina oraindik dezente dituzu aurretik.
Munduko Kopan beste bost-sei bat lasterketa egiteko asmoa dut, ikusiko dut zer egiteko gai naizen. Martxaren arabera, ea nola erantzuten didaten gorputzak eta buruak. Pandemiagatik maiatzeko eta ekaineko lasterketa asko atzeratu dituzte, beraz, beste lasterketa batzuekin pilatuko dira. Hortaz, ongi aukeratu beharko ditut. Mentalki eta fisikoki fresko iritsi nahi dut, eta indarrak erreserbatu behar dira.
Lasterketa horietako baterako gogo berezirik?
Bai, aurretik probatutako bat, Gorbeiakoa. Gogo handiz nago berriro etxean lasterketa bat egiteko, ilusio handia dut. Ikusle euskaldunekin berriro kontaktu hori berreskuratzeko gogoz nago.
2018ko eta 2019ko Munduko Kopetan hamargarren eta hamaikagarren postu bana eskuratu zenituen. Hori hobetzeko prest?
Aurtengoan erronka moduan lehenengo hamarren artean sailkatzea dut. Egia da lehen lasterketa hau oso ongi atera zaidala, baina hamar onenen artean sailkatzearekin kontent geratuko nintzateke. Baina betiko helburua lasterketa guztietan ahalik eta gehien ematea da, eta postuari baino gehiago, sentsazioei ematen diet garrantzia. Nahiago dut hamargarren sailkatu eta dena eman, bosgarren izan eta sentsazio txarrekin amaitu baino.
2020a eta 2021eko hilabete hauek erabat aldrebesak izan dira zuretzako ere. Nola bete duzu hutsune hori?
Joan den otsailetik aurtengo maiatzera bitarte ez dut lehiarik izan. Luzea egin zait, denei bezala, baina uste dut faborea egin didala geldialdi honek. Buruari primeran etorri zaio, indarberritzeko aukera eman dit. Kirolaria naiz, oso kirol zalea. Niretzako kirola ez da soilik korrika egitea, bizikletan adibidez asko ibiltzen naiz. Triatloien mundutik nator, eta beraz, kirol asko ditut gustuko. Orduan, kirolen bat praktikatzearekin konformatu naiz. Ez dut hain gaizki eraman egia esan, gainera lanean ibili naiz etengabe. Ez dut dortsalik faltan bota. Lasterketak berreskuratu zituztenean banan-banan aritzekoak ziren, eta erabaki nuen nahiago nuela nire aldetik korrika egin, lasai ibili, entrenamendu finkorik gabe, eta bereziki, gozatzea izan da nire asmoa. Burua erreseteatzea, pilak kargatzea. Orain oso gogotsu nago lehiarako, konfiantzarekin nago.
Mundu mailan lasterketa asko berreskuratu dira, baina Euskal Herrian ez hainbeste. Zergatik ote?
Zegama-Aizkorri lasterketa, adibidez, jende pilaketengatik utzi dute bertan behera. Hemen ohitura asko dago mendiko lasterketak ikustera joateko. Mendian milaka lagun elkar daitezke. Lasterketa asko antola daitezke, noski, baina ikuslegoa kontrolatzea zaila izaten da, bereziki pasio hori bideratzea. Pena handia ematen dit bereziki Zegamakoak. Hor bizitzen duzuna ez duzu beste lasterketetan bizitzen, nik behintzat ez dut beste inon bizi. Ibilbide ederra, sekulako paraje batean, baina ederrena zalegoaren babes hori da. Adrenalina txute hori ikaragarria da, ez da beste inon sentitzen hori.
Maiz esan duzu zaleen babesa funtsezkoa dela aldapan gora errazago egiteko. Nolakoak izan dira zalerik gabeko lasterketa horiek?
Soilik hiru lasterketa egin ditudanez, ez zait arraroegia egin. Lasterketan zehar, egia esan, ez zara oroitzen apenas norbait falta denik. Orokorrean lasterketa bateko kilometro gehienak hutsak egoten dira. Puntu konkretu batzuetan eta helmugan biltzen da jende gehien. Orain konturatzen zara helmuga dela une berezienetakoa. Egia da helmugara iritsi eta jenderik ez ikustea oso arraroa dela. Tristeagoa da bai, ez dago txalorik, ez dago berotasunik. Izan ditudan helmugaratzeak ez dira hain bereziak izan, azken metroetako motibazio horrek asko laguntzen du.
Azkenaldian, ordea, zenbaitetan berreskuratu dute zalegoa. Gogoz, ezta?
Betiko irudi horiek errepikatzeko gogoz gaude. Gu lehian gaude, eta horretarako zaleen berotasuna funtsezkoa da. Hori bilatzen dugu korrikalariok. Giro horrek engantxatzen zaitu, korri eta lehiatik harago. Berotasun horrek adrenalina ematen du, eta horrek aldapan gora egiteko indarrak ematen dizkizu. Asko sumatzen dugu hori.
Jada hiru urte dituzu Euskal Selekzioarekin. Oso kirolari gutxik esan dezakete ofizialki lehiatzeko aukera dutenik.
Ikaragarria da hori. Zure herria eta zure koloreak defendatzea ederra da. Oso pozik nago eman didaten aukerarengatik. Ohorea izateaz gain pribilegiatua sentitzen naiz. Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan ere korrikalari gutxik dute Munduko Kopan lehiatzeko aukera, eta are gutxiago ditugun laguntzekin. Kopan aritzeko aukera dugu bai, baina Munduko Txapelketan ez gaituzte lehiatzen uzten, Espainiakoarekin joan beharko genuke. Pena handia da hori. Oraindik asko dago egiteko, bide luzea dugu zeharkatzeko. Beraz, ahal den heinean kirolariok jarraituko dugu gurea aldarrikatzen. Nire ametsa hori da, Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa batean aritzea. Ez dakit noiz ikusiko dugun hori. Denen artean egin beharko dugu. Auskalo noiz, baina itxaropen hori badut.
Kirol oso gogorra dela argi dago. Zenbat eta nola entrenatzen duzu maila horretan aritzeko?
Kirola baino, egunerokoa da gogorrena. Berdin du zein kirol egin, lasterketak, xakea, piraguismoa… Gustuko tokian aldaparik ez, hori argi dut. Entrenamenduak dira gogorrena. Astean bost-sei egunez entrenatzen dut, egunean gehienez bi orduz.
Eta nola zara gai lehen mailako kirol bat eta lana uztartzeko?
Aspalditik ohituta nago. Txandaka ibiltzen naiz lanean, goizez, arratsaldez edo gauez. Horrek entrenamenduak erabat baldintzatzen ditu, baina ohituta nago. Egunerokoa zorrotza da, bai. Elikadura ere txukun eramatea gustatzen zait.
Lezotik gertu, kutuneko txokorik korrika egiteko?
Gertutasunagatik Jaizkibel zalantzarik gabe. Etxetik oso gertu dut, oso gustura aritzen naiz bertan, ez naiz aspertzen gainera. Denetarik entrena daiteke bertan: aldapa gogorrak, korrikalariagoak, luzean, motzean… Nahi duzuna egin dezakezu, itsasoari begira gainera. Eta gero, egia da Aralar oso gustuko dudala. Han mendi altuagoak daude, kilometro gehiago egin daitezke. Bistak ere ederrak dira eta bertako isiltasuna ikaragarria da korrika egiteko.
Eta lasterketa bat aukeratzekotan, zein eta zergatik?
Lezo-Jaizkibel. Ibilbidea primeran ezagutzen dut, eta herrian korrika egiteak poztasun eta motibazio berezia ematen dute. Jende ezagun asko gerturatzen da ikustera, niri babesa ematera. Denek animatzen naute, horrek asko motibatzen du, asko betetzen nau Lezoko udaletxeko helmugara iristerakoan sumatzen dudan poztasun horrek. Ederra da.
Zer eman dizute mendiko lasterketek egunerokoan?
Oreka eman didate, bizitzan beharrezkoa den oreka hori. Lanetik aldentzeko edota neure buruarekin aritzeko aukera ematen dit. Lasai egoteko momentua da. Zerbait berezia dauka mendian aritzeak, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Urte batzuk arte Euskal Herrian beti esaten zen mendia ez dela korrika egiteko, erokeria zela hori, eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu.
Anaia ere engantxatu omen duzu.
Bai, xaxatu nuen eta engantxatu dut, hori dirudi. Ilusioz betetzen nau nire urratsak jarraitzen dituela ikusteak, eta oso harro nago. Batzen gaituen beste gauza bat da jada korrika egitea.