Ekonomia zirkularrari buruzko hitzaldia emango dute Elikako kideek
Biyurrienekoek hitzaldia antolatu dute gaur arratsalderako, Haurtzaro Ikastolan. Bestalde, ipuinak kontatzeko tailerra egingo dute Karaez 4ko lokaletan.
Kulturabirusak eskaintza aberatsa du datozen egunei begira. Gaur eta etzi bina jarduera prestatu dituzte. Ekitaldi guztietarako hartu beharko dira sarrerak —doan dira— Oiartzungo turismo bulegoan (Arizmendienean, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00).
Gaur asteartea da, eta, horregatik, Biyurrieneak antolatutako hitzaldi bat entzuteko aukera izango da. Askotariko gaiak jorratuko dituzte Biyurri hitzaldiak izeneko zikloan.
Gaurkoan, ekonomia zirkularrari buruz arituko dira. Horretarako, Elika kooperatibako kideak gonbidatu dituzte. Hitzaldia Haurtzaro Ikastolako jantokian izango da, 19:00etatik hasita.
Ez da Kulturabirusaren barruan gaur egingo den ekitaldi bakarra izango. Ipuinak kontatzen ikasteko tailerra egingo dute 18:00etatik aurrera, Karaez kaleko 4 zenbakiko lokalean.
Ostegunean, beste bi zita
Etzi arratsalderako, berriz, beste bi jarduera programatu dituzte. Alde batetik, Oiartzungo Feministen Asanbladak antolatuta, Gure aluak dekolonizatzen tailerra antolatu du. 17:00etatik 19:00etara bitartean arituko dira, Manuel Lekuona bibliotekan. Sexu organo hori dutenei zuzenduta dago.
Bestalde, Piztu emakumeON! energia haurrentzako ikuskizuna emango dute Haurtzaroko anfiteatroan. 19:00etan. Emakumeek zientzian izandako pisuaren eraginaren berri ematen duen antzezlana da.