Iker Sarriegi zein '13/13 auzi'-ko gainontzekoei, babesa
Larunbatean manifestazioa egingo dute Donostian, presoen asistentzian aritu diren lagunen kontrako epaiketa salatzeko. Datorren astean hasiko da epaiketa.
Igandean argazki jendetsua egin zuten, babesa adierazteko. Datorren astelehenetik aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen asistentzian eta laguntzan aritzen ziren zortzi lagun epaituko ditu. 13/13 sumarioa deitzen zaion barruan dagoenetako bat Iker Sarriegi abokatua da —Oiartzunen bizi da—.
Pasa den igandean, herritar talde batek sostengua adierazi zion Sarriegiri. Donibane kaleko eskaileretan argazki jendetsua atera zuten, auzipetua bera bertan zela.
Sarriegiz gain, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi. Zigor eskaera, denera, 77 urtekoa da. 2010ean atxilotu zituzten, eta horietako batzuk espetxeratu zituzten.
Auzipetuen defentsaren arabera, epaiketa bertan behera utzi beharko litzateke, hainbat arrazoirengatik: “abokatuen bulegoetan egindako miaketetan izandako irregulartasunengatik, CNIren legez kanpoko entzuketengatik, tortura eta tratu txar zantzuengatik eta non bis in idem kontzeptua urratzeagatik”.
Manifestazioak
Datorren larunbatean —hilak 10— manifestazioak egingo dituzte Donostian eta Bilbon, Sarek antolatuta. Oiartzundik hurbilen dagoen hiriburuko mobilizazioa Saguestik aterako da, eta bestea, Jesusen Bihotzaren plazatik. Biak ala biak 12:00etan aterako dira.
