Hodei Lujanbio, Espainiako Trail Running Txapelketara
Abuztuaren 7an Kanaria uharteko La Palman jokatuko dute federazioen arteko txapelketa. Navartrail kopa ia poltsikoan du, laugarren proba irabazita.
Hodei Lujanbio Oiartzunen bizi den goizuetarra Espainiako Trail Running txapelketarako hautatu dute. Lehia abuztuaren 7an izango da, Kanaria uharteko La Palman izango da estatuko federazioen arteko lehia hori.
Nafarroako selekzioko bost kideetako bat da. Reventon Trail lasterketak —horrekin batera jokatuko da txapelketa— 31,8 kilometro izango ditu, eta 2.679 metroko desnibel pilatua izango du. Selekzio bakoitzeko lehenengo hiruen denbora pilatuta ebatziko dituzte denborak.
Bestalde, hurbilago, Lujanbiok III. Larrate Trail mendi lasterketa irabazi zuen pasa den igandean, Zarrakaztelun. Navartrail Kopako laugarren —eta azken aurreko— proba zen, eta garaipen horrekin ia-ia bermatu du txapela. Ordubete, 33 minutu eta 22 segundo behar izan zituen 22 kilometroak egiteko.
Faltzesen erabakiko da kopa. Abuztuaren 1ean jokatuko da Pilon Trail izeneko lasterketa.