[Erreportajea] Udalgintza aztergai
Tokiko gobernantzaren gaineko udako ikastaroa hartuko du Lekuona Fabrikak irailean. Izurriaren ondoko agertokiaz hausnartuko dute.
COVID-19aren izurriak hamaika esparru eta diziplinetan izan duen eragina medio, udalgintzaren inguruko hausnarketa prozesua zabalduko dute bi egunez Errenteriako Udalak eta EHUk udako ikastaroen bitartez. COVID ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioen erronkak izenburupean, etorkizun hurbilean munizipalismoaren gaineko eredua zein izango den argitzen saiatuko dira ikastaroan.
Itziar Ostolaza ikastaroko zuzendaria da, baita Errenteriako Udaleko Partaidetza zinegotzia ere. «Galdera handi horri erantzutea da ikastaro honen helburua, edo behintzat, horren atzean egon daitezkeen gakoak identifikatzea», azaldu du.
Ildo beretik mintzatu da EHUko udako ikastaroetako zuzendariorde Igor Alvarez. Pandemiak «gizartearen esparru guztietan» eragingo duela ziur agertu da, eta harremanen kudeaketan jarri du indarra: «Azkenean, nola kudeatzen ditugun harremanak, eta kasu honetan, bereziki, ea udalek nola kudeatzen dituzten beren harremanak hausnartzeko balioko du».
Etorkizun hurbila
Mundu mailako osasun krisiak bizimoduak eta harremanak eraldatu ditu, baita eguneroko erritmoak ere. «Egia da udalean sentsazioa genuela, eta inguruko udalekin partekatu dugula azken ikasturteak oso biziak eta ziurgabetasunez beteak izan direla», azaldu du Ostolazak. Hori dela eta, ikastaroa geldialdi bat egiteko baliatu nahi dute, «pausa bat egin eta begiratu COVID-19ak udalgintzan ere zer utzi digun» erantsi du. Areago, «begirada bereziki etorkizun hurbil horretan ditugun erronketan» jartzea ezinbestekotzat jo du ikastaroko zuzendariak.
Hori horrela, izurriak «egiteko moduak halabeharrez aldatu dituela» kontuan izanda, «errealitate berri horren aurrean udalgintza non kokatzen den» aztertu nahi du udalak, aditu eta herritarren eskutik. «Horretarako, hain justu, antolatu dugu ikastaroa». Tokiko gobernantzaren gaineko bestelako begirada batzuk bereganatu nahi dituzte era horretan: «Gogoetak entzun, eta gero, guk gure ondorio propioak ateratzeko eta praktikara eramateko udaletan. Erantzunak ez dakizkit, baina galdera potoloa da, hori bai».
Hausnarketa eta azterketa prozesuak abiatzen ari dira han-hemenka koronabirusaren eraginaren gainean gogoetatzeko. Tokiko gobernantza ereduen kasuan, uneotan hausnarketa betean daudela adierazi du Alvarezek: «Hainbat esperientzia pilotu lantzen ari dira dagoeneko, eta beste herrialdetan zer ari diren egiten ere begiratzen ari gara. Zer edo zer berria asmatu beharrean, uste dut komeni dela kanpoan egiten ari direna eta ondo ateratzen ari dena gure egoerara eta bizimodura egokitzea. Oraindik bide horretan gaude».
Pentsamenduari espazioa
Pandemia ondoko garaietako erronkei aurre egiteko komunitatearen edota herritarren parte hartzeari ezinbesteko iritzi dio, halaber, Ostolazak. «Pentsamenduari espazio bat irekitzea udalgintzaren parametroetan» da, hain zuzen, ikastaroan landuko dutena. Gainera, Lekuona Fabrika horretarako leku aproposa ikusi dute antolatzaileek: «Lekuona zalantzarik gabe espazio oso interesgarria da horretarako: pentsamenduari bi egun eskaintzeko. Hor bai ikusi genuen udalgintzak, azken finean, ez daukala zentzurik herritarrik edo komunitaterik gabe».
Hortaz, etorkizun hurbilean Errenteria-Oreretak aurre egin beharreko erronka orokorrak zein zehatzagoak aztertuko dituzte bi egunez. Ostolazaren arabera, udalerrian dituzten erronka globalei erreparatzeko zein erronka lokalei heltzeko aukera izango da. «Uneotan, esaterako, Errenterian gabiltza HAPO prozesuan murgilduta, Lekuona Fabrika bera martxan jartzen, Torrekua humanitate digitalen polo aktiboan hainbat proiektu sortzen…». Hori horrela, abian dauden proiektuez gain, datozen egitasmoak «komunitatearekin, herritarrekin, eta datozen pertsona berri horiekin» josi nahi ditu tokiko administrazioak, eta horretarako, ahalegin berezia egin du Errenteria-Oreretan erroldatutako herritarrentzat ikastaroa debalde izan dadin.
EHUk Ibilkari programa 2016. urtean martxan jarri zuenetik lehen aldiz hartuko du udako ikastaro bat Errenteria-Oreretak. Asebete agertu da Alvarez unibertsitatea udalerrietara zabaltzeko martxan jarritako kudeaketa planarekin, herriek dauzkaten behar edo berezitasunei gaiak egokitzeko aukera dutelako. Irailaren 9an eta 10ean hartuko du Errenteria-Oreretako eraikinak tokiko gobernantzaren inguruko gogoeta prozesua, baina dagoeneko, udako ikastaroen webgunean izena eman dezakete interesdunek.