Sei milioi euro, COVID-19agatik galdutako enplegua berreskuratzeko
Oarsoaldea Berpiztu egitasmoa aurkeztu dute. Egoera zaurgarrienean dauden eskualdeak laguntzeko programaren parte da, bertan inbertsioak egiteko.
Oarsoaldea Berpiztu egitasmoa aurkeztu dute gaur. Eskualdea biziberritzeko, Eusko Jaurlaritzak 24 milioi bideratuko ditu, eta horietatik sei COVID-19ak suntsitutako enplegua berreskuratzeko izango direla jakinarazi dute, gizarteratze eta laneratze polo baten bidez.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak gogorarazi duenez, ibilbide luzea egin dute Berpiztu plana aurkeztera iritsi arte. “Kolaborazio gobernantza” bezala definitu du emaitza, eta eskerrak eman dizkie lau udalei zein Gipuzkoako Foru Aldundiari, elkarlanagatik.
Berpiztu egitasmoa —Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa— 2015ean Gasteizko parlamentuan aho batez onartu zela gogorarazi du. “Horrelakoak ez dira albiste izaten, baina gertatzen denean, badira erreferentziazkoak”, gaineratu du. Eskualde zaurgarrienak laguntzeko 180 milioi euro bideratzea onartu zuten, tartean Oarsoaldeko 24ak.
Lau ildo
Eskualdeko Plan Estrategikoa 2019an zehaztu zen, eta iazko urtarrilean aurkeztu. 2025era arteko aurreikuspena du, eta Oarsoaldeko lau udalak elkarlanean aritu dira, beste 100 eragilerekin, Oarsoaldea Garapen Agentziaren koordinaziopean.
Oarsoaldea Berpiztu egitasmo osoa zazpi lan ildotan banatuko da, eta horietako bat izango da gizarteratzeko eta laneratzeko polo bat sortzea. “Aurrera egiteko baldintza zailenak” dituzten pertsonak jarri nahi dituzte erdigunean horren bitartez, Mendiak adierazi duenez. “Sei milioi euro bideratuko dira, eta helburua da COVID-19ak suntsitutako enpleguak berreskuratzea, eta langabezia tasa %10etik jaistea”, gaineratu du Lan eta Enplegu sailburuak. Helburuak zifretan eman ditu: mila lanpostu zuzen sortu, eta beste hainbat zeharka.
Ekonomia suspertu, enplegua dinamizatu eta kalitatezkoa izatea nahi dute, genero berdintasuna bermatuta. Lau jarduera lerro zehaztu dituzte:
- Badia Berri, S.L. gizarteratze-enpresa finkatzea.
- Aipatutako gizarteratzeko eta laneratzeko berrikuntza eta esperimentazio gunea.
- Enplegu Plan Integrala, hainbat kolektiboren beharretara egokitutako enplegu-programez osatua.
- Eskualdeko Inklusio Sarea: eskualdeko inklusio sareko gizarteratze eta laneratze proiektuak bideratzeko.
Alor horiek aletu dituzte. Badia Berri Pasaiako Udalak sortu zuen 2005ean, eta egun bazterketa arriskuan zeuden 32 lagun daude kontratatua.
Modu berean, gizarteratze eta laneratze poloak egoera berean dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea du helburu. Horrekin lotuta joango da esperimentazio gunea; enplegu eta gizarteratzeko eta laneratzeko politika publikoak esperimentatzeko.
Enplegu Integraleko Planak, berriz, kontratazio publiko eta pribatuak barnebilduko ditu. Kontratazio publikoen kasuan, espazio publikoak modernizatzen —berdeguneak mantendu, hiriguneak berreskuratu…— lagunduko dute kontratutako langileek, esan dutenez. Langabetuak kontuan hartuko dituzte, baita norbere kontura lan egiten dutenak ere, Diru Sarrera Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak ahaztu gabe.
“Ongietorria”
Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako presidenteak ongietorria eman dio 2015ean hasi zen proiektuari. Bazterketa arriskuan dauden pertsonak kontuan izango dituela berretsi du.
Egoera zaurgarrian dauden pertsonak honakoak dira: 30 urtetik beherako eta kualifikazio txikiko gazteak; iraupen luzeko langabeak; langabezian dauden 45 urtetik gorako pertsonak; indarkeria matxistaren biktima diren edota jabekuntza-prozesuetan dauden emakumeak; kualifikazio gutxiko edo gabeko pertsonak; eta bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonak.
Bukatzeko, Mendiak esan du erakundeen arteko lankidetzak “potentzialitate handia” duela, batez ere egungo klima politikoan.