Hitzordu bikoitza du Pasaia Kayakek astebururako
Piraguistak Irunen eta Zumaian izango dira larunbat eta igandean. Bidasoa ibaiaren jaitsiera eta Urola ibaiaren igoera-jaitsiera egingo dituzte.
Hitzordu bikoitza du asteburuan euskal piraguismoak, Irunen eta Zumaian jokatuko baitira, hurrenez hurren, Bidasoa ibaiaren jaitsiera larunbatean eta Urola ibaiaren igoera-jaitsiera igandean.
Bidetan ala bietan izango dira Pasaiako ordezkariak, adierazi dutenez, 2019ko emaitzak errepikatzeko eta, ahal bada, hobetzeko asmoz. Ion Carballo buru izango dute urdinek, trintxerpetarra izan baitzen garailea orduan K-1 senior mailan, asteburu biribila burutuz.
Carballorekin batera, Pasaia Kayakeko hiru piraguistek osatuko dute emakumezkoen eskifaia. Laura Zunzunegik bi egunetan parte hartuko du bakarkako lanean emakumezkoen junior kategorian, eta Sara Tarragonak eta Maika Terrosok K-2a osatuko dute.
Klubeko presidente Txema Yarzak adierazi duenez, Zumaian bilduko du igandean Pasaiak talde indartsuena, bertan izango baitira, besteak beste, Aritz Araneta eta Lander Rodriguez seniorrak bakarkako lanean, eta hilaren amaieran Trasonan jokatuko den abiadurako Espainiako Txapelketa buru-belarri prestatzen ari diren emakumezko kadeteak.
Taldekako sailkapenean ere ohorezko postuen lehian sartzeko itxaropena dute pasaitarrek, zailtasunak zailtasun.