Urdinola-Arizmendienea ezagutzeko asteburutan bisita gidatuak egingo dituzte
Herriko gazteek gidatutako bisita gidatuak egingo dituzte. XVIII eta XX mendeen artean "murgiltzeko" aukera emango duela ziurtatu dute.
Asteburuetan Urdinola-Arizmendienea bisitatzeko aukera egongo da, herriko gazteen eskutik. Duela hamar egun inauguratu zuten eraikin eraberritua, eta asteburuetan bisitatu ahal izango dela jakinarazi du udalak.
Herriko gazteek gidatuko dituzte bisita horiek. Ordubete iraungo dute bisitaldi horiek. “Bisita gidatuan zehar, XVIII-XX mendeetan murgilduko gara, garaiko ohitura, objektu, jarrera sozialak, pentsamenduak… ezagutuz!”, adierazi dute antolatzaileek.
Larunbat eta igandeetan bina saio emango dituzte. Lehenengoa 11:00etan izango da, eta bigarrena, 12:00etan. Lehenengo saioak euskaraz izango dira, eta bigarrenak, gazteleraz. Tokia hartzea gomendatu dute, turismo bulegoan, edukiera mugatua baitute.
Bestela, bisita libreak egiteko asteartetik ostegunera dago tartea. 12:00etan eta 17:00etan egin daitezke. Ostiraletan, berriz, 12:00etan ikus daiteke.