Txorbela otxotea gonbidatu du Soinueneak, udako kontzerturako
Arrasateko otxoteak kontzertua emango du larunbat arratsaldean. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, bost euroko prezioan.
Soinuenea-Herri Musikaren Txokoak udako kontzertua antolatu du datorren larunbaterako (hilak 24). Oraingoan, Txorbela otxotea gonbidatu dute. Kontzertua elizan izango da, 19:00etan hasita, eta sarrerak Oiartzungo Turismo Bulegoan eros daitezke (Arizmendienean), bost euroren truke.
Arrasateko otxotea gonbidatzeko arrazoiaren berri eman dute antolatzaileek: Euskal Herriko hainbat txokotako musika mota ezberdinak Oiartzunera ekarri dituzten arren, sekula ez dutela gizonen ahotsek osatutako otxote bat ekarri.
Bi giroetako abestiak kantatuko dituztela jakinarazi dute: erlijiosoak eta profanoak.
Txorbela otxotea 2008ko udazkenean sortu zuten. Abesbatza askotan ibilitako kideak ditu Txorbelak: Donostiako Orfeioa, Goikobalu abesbatza, Conductus Ensmblen edo Capilla Peñafloridan. Beraien errepertorioa polifonian eta folklorean oinarrituta dago, batez ere Euskal Herrikoan.