Kukurbita aurtengo udaleku irekien pertsonaia nagusia
Jarduerez gain, txangoak ere egiten ari dira udalekuetako haurrak.
Haurrak badiari buelta ematen txango batean. Udara honetako udaleku irekietan, ia 300 haur bildu dira, eta hilabete osoa dute antolatutako jarduera eta txango desberdinez gozatzeko. Alderdi pedagogikotik berritzaileak dira aurtengo udalekuak, Pasaiako Udalak azaldu duenez. Gaikako ardatzetan banatu dituzte jarduerak eta ekintza bakoitza elkar lotuz garatzen ari dira.
Interesgune bakarra egongo da ‘Ikusi makusi, zer ikusi?’ izenekoa. Bi adin taldeentzat egokituta dagoela esan dute udaletik, txikientzat eta handientzat, zehaztu dute. Hala ere, biek ala biek, gai berdinak landuko dituzte, bide desberdinak hartuz.
Ingurunea da uztaila honetan landuko duten gaia. “Ingurua etxeek, kaleek, eskolek, zelaiek, zuhaitzek, mendiek… osatzen dute, baina familiek, lagunek, bizilagunek, parkeko pertsonek… ere” adierazi dute. Nolakoa den eta zerk inguratzen gaituen galderetatik abiatu, eta ingurunea nola aldatzen den aztertuko dute haurrek. Horretarako, egunero gutun bat jasoko dute beraien inguruan txorimaloz mozorratutako baten eskutik. Kukurbita izeneko txorimaloa nor den asmatu beharko dute, ikerketa bat eginez, eta azken egunean jakingo dute nor den izaki misteriotsua.
Urtero bezala, sentimenduen txokoa sortu dutela ere esan du udalak. Goizero bertatik pasatzen dira haurrak.
