[Galeria] Azulejo txikitu guztiak bere tokian jarri dituzte herriko emakumeek
'Putzu haundira' proiektuaren faseetako bat bukatu dute. Azulejoak jartzen ari dira, eta orain margotzen txukundu behar dira mosaikoak.
Bukatu da azulejoak hautsi eta labadero zaharreko paretetan itsastearena. Hilabete honetan zehar herriko emakumeek osatutako hainbat talde aritu dira Alaiartek (Alaia Gaztelumendiren izen artistikoa) diseinatutako mosaikoak harri txikituekin elikatzen.
Atzo egin zuten azkeneko auzolan saioa. Hamar bat emakume bildu ziren eraikinaren bueltan. Lan horiek bukatuta, zementua eta pala alde batera utzi, eta brotxa eta pintzelak hartzeko garaia izango da, baita mosaikoa finkatzeko azken ukituak emateko ere.
Kulturabirusaren barruko dinamika da labaderoa biziberritzearena, emakumeentzat izan duen balorea aitortzeko.