Jaurlaritzaren hondakinen planari helegitea jarriko dio Oiartzungo Udalak
EH Bilduren aldeko botoekin atera da aurrera alegazioak jartzeko puntua. Oarsoaldea Berpizturen inbertsioarekin bidegorria hobetzea ere bai, aurrera, aho batez.
Ikasturte politikoko azkeneko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean. Hamabi puntuko zerrenda zuten, eta talde politikoen artean desadostasuna piztu zuen bakarra Eusko Jaurlaritzaren Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana izan zen.
EH Bilduk plan horri alegazioak jartzearen aldeko botoa eman zuen. Hobeki elkartearekin batera landu ditu alegazioak; hondakinen kudeaketa “egokiak” kezkatutako udalek sortu dute elkartea. EAJk helegiteak jartzearen kontrako jarrera azaldu zuen.
“Hutsuneei ekarpena”
Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziak zerrendatu zituen helegiteak jartzeko arrazoiak. Planaren puntuetan ikusi dituzten “hutsuneei ekarpena” egin nahi izan dute. Azaldu zuenez, planaren lehenengo bertsioa gaztelera hutsean zegoen —gero aldatu zutela nabarmendu zuen Arbelaitzek—.
Gainera, hiri hondakinen tratamenduan udalek duten eskumena aipatzen ez dela salatu zuen. Hainbat kontraesan ere aurkitu dituztela gaineratu zuen, hala nola helburuak betetzeko adierazleak ez direla azaltzen. Beste argudio batzuk mahai gaineratu zituen (hemen irakur daiteke helegite osoahemen irakur daiteke helegite osoa), Oiartzunek duen birziklatze tasa altuagatik herritarrak zoriondu aurretik.
“Aho batez onartutako plana”
EAJko Janire Mitxelenak, berriz, bere taldearen kontrako botoa esplikatu zuen. Gasteizko parlamentuan adostasunez onartutako plana dela nabarmendu nahi izan zuen zinegotziak. Plana deskribatzeko esaldia erabili zuen deskribapena “anbizio handikoa” izan zen.
Plana “lehenbailehen” behar dela exijitu zuen, eta esan zuen Gipuzkoak gaur egun gainditzen duela Europako Batasunak 2025erako birziklatze tasa (%55 da; Gipuzkoan, %55,24an dago).
Gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa erkidego industriala dela nabarmendu zuen, eta horiek kudeatzeko azpiegiturak behar direla. Ondoren, alegaziorik ez jartzeko arrazoi zerrenda luzea irakurri zuen, banan-banan (hemen irakur daitezke denak).
Bidegorria
Oarsoaldea Berpizturen bitartez, EAEko eskualde zaurgarrientzako proiektuak finantzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Oiartzunen, bidegorria berritzeko diru partida garrantzitsu bat egongo da, 710.000 eurokoa (eskualde osoan 24 milioi izango dira).
Jexux Leonet alkateak gogorarazi zuenez, Oarsoaldeko udal guztietako talde politiko guztiek adostu zituzten eskualdeak dituen gabeziei aurre egiteko proiektuak, eta parlamentuan aurkeztu zituzten batera.
Berez, Berpiztuko proiektuak 2021 eta 2022 artean exekutatu behar dira. Epe laburra dela uste du Leonetek, eta kezkatuta dagoela adierazi du: “Porrota litzateke horrelako inbertsioak ezin egin ahal izatea epe kontuengatik”.
Gainontzeko puntuak
Gainontzeko puntuei dagokienez, AGIFES elkartearekin hitzarmena berritzea onartu zen. Ondorioz, osasun mentaleko arazoak dituztenen elkarteak Altzibarko Agerre-alden udal jabetzako etxebizitza bat erabiltzen jarraitzeko aukera izango du datozen lau urteetan.
Oarsoaldea Garapen Agentziari aurtengo lehenengo bi hiruhilabeteengatik egin beharreko ekarpena ordaintzea ere onartu zen. 150.331 euro izango dira.
Ibargain Musika Eskolari egin beharreko ekarpenak ere onartu ziren: ikasturte honetako azken ordainketa —15.700 euro— eta datorren ikasturte hasierakoa —71.521 euro—.