Itsas Kayakeko Euskadiko txapelketan arituko da bihar Pasaia Kayak
Kategoria askotan parte hartuko du klub pasaitarrak. Taldeko sailkapenean Zumaiari nagusitasuna kentzen saiatuko dira.
Itsas kayakeko Euskadiko txapelketa irekia izango da bihar Hondarribian, Higer lurmuturrean. Orain arte lortutako garaipenei segida emateko asmoz dagoela adierazi du Pasaia Kayakek. Taldeko sailkapenari dagokionez klubak uste du, “ordezkaritza indartsua” egongo dela baina “zaila” izango dela orain arte zumaiarrek izandako nagusitasunarekin haustea. Hainbat kategoriatan jokatuko dutela eman dute jakitera.
Aritz Araneta eta Lander Rodriguez bakarkako lanetan arituko dira, eta arerio nagusia Xabier Ruiz de Aretxabaleta donostiarra izango dute klubaren arabera. Berak irabazi baitzuen iaz txapelketa hau. Nicolas Lambert, munduko txapelketan ibilitakoak ere parte hartuko du lehiaketan.
K-2 ontzian ibiliko dira Xabi Crespo eta Iñigo Lois pasaitarrak. Podiumerako borrokan zumaiarrekin ariko direla aurreratu du Pasaia Kayakek.
Itsasoko lehiaketan kadete kategorian, lehen aldiz klubeko hiru piraguista arituko dira asmo argiarekin: “Modalitate hau gaztetxoen artean ere indartzeko egitasmoaren barruan”.