Jaurlaritzari hondakinen planari egindako alegazioen berri eman du Hobekik
Hondakinen Plana hobetzeko ekarpena egin dio hainbat udalek —tartean Oiartzungoak—. Egindako moldaketen zerrenda jakinarazi dute.
Eusko Jaurlaritzak EAErako 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako plana argitaratu eta jendaurrean jarri du. Plan horri alegazioak jarri dizkio Hobeki elkarteak; hondakinen kudeaketa “hobetzea” du helburu elkarteak. Oiartzungo Udala kide da.
Atzo agerraldia egin zuten Hernaniko udaletxean, alegazioak jartzearen zergatia azaltzeko. Herenegun plenoan horiek egitea onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin.
Hobekiko kideek arrazoiak aletu zituzten: “Ezinbestekoa da EAEn Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako plan bat izatea. Are ezinbestekoagoa, plan hau ahalik eta eraginkorrena izatea”. Horregatik, plana “hobetzeko” ekarpena egitea erabaki du Hobekik.
“Espero dugu Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzak ekarpen hauek guztiak kontuan hartuko dituela. Gu lankidetzarako prest gaude”, azaldu dute.
Maiatzean argitaratuta
2021eko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritzatik, 2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Plana argitaratu eta jendaurrean jarri zen.
Argitarapen honen ondoren, Hobeki elkarteak erabaki zuen EAEko udalen artean deialdi ireki bat egitea, denen artean plan honen “irakurketa partekatu bat” egin eta ahalik eta ekarpenik esanguratsuenak eta egokienak egiteko asmoz.
“Plan honek dituen indarguneak azpimarratzeko eta hutsuneak betetzeko helburuarekin egin dugu”, gaineratu zuten. Helburu horrekin lau saiotan elkartu dira hainbat ingurumen teknikari eta udal ordezkari.
Hobeki Elkartearen helburu nagusia hondakinen “kudeaketa eredugarriak” sustatzea da, eta bide horretan, Euskal Herriko udalei laguntza ematea.
Ekarpenen zerrenda
Hobekik egindako ekarpenen zerrenda azaldu dute, puntuz puntu. Bederatzi alegazio eta hainbat eskaera osatu dira:
- Lehen alegazioak eskatzen duena da, plan honetan agertzen diren helburuak zein puntutaraino diren arau-emaileak eta lotesleak zehaztea, ez dadin plan hau asmo hutsetan geratu.
- Bigarren alegazioan berriz, eskatzen da, planak bere baitan jaso ditzala indarrean dauden legedi eta araudiek ezarritako edukiak, eta berma dezala eduki horiek bat datozela mota honetako plan batek jarraitu behar dituen araudietan finkatutako ildoekin.
- Hirugarrenean eskatzen da, behar bezala bermatu dadila Aarhuseko hitzarmenean markatutako parte-hartze prozesua. Izan ere, planean deskribatzen den orain arte emandako parte-hartze prozesuak ez baitio hitzarmen honen ezaugarriei erantzuten.
- Laugarrenean eskatzen da, “Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan” honek jasotzea udalek hiri-hondakinak kudeatzeko duten berezko eskumena.
- Laugarren horrekin lotura du bosgarren alegazioak. Izan ere, 3. funtsezko jardueran, ia nahigabean eta paragrafo baten erdian galduta, aipatzen baita, HHKO (OCRU) “organo betearazle eta erabakitzaile ofizial” izendatzeko aukera. Gure eskaera da, asmo hau bertan behera geratzea, besteak beste, HHKO bi erakundeen arteko koordinazio gune bat baino ez delako eta ez denez administrazio-organo bat, ez duelako halako ardura eta zereginak izateko izapiderik.
- Seigarren alegazioan eskatzen da aurkez daitezela kronologikoki garatuta egongo diren aurrekontuak, diru kopuru horien partida zehatzagoak definituz, erabilpena zehaztuz eta antolaketa definituago bat adieraziz. Plan honetan funtsezko jardueretan agertzen diren aurrekontuak, ez zehatzak eta hainbatetan akatsez josiak daudelako.
- Zazpigarrenean berriz, plan honen jarraipena zehaztea eskatzen da. Adierazleak kalkulatzeko formulez gain, orobat azaltzea nolakoak izango diren adierazle horien informazio-iturriak eta tratamendua, edo nola zabaldu eta kontsultatuko den jarraipenerako informazioa, besteak beste.
- Zortzigarren alegazioan funtsezko jardueretan topatu diren hainbat hutsune zuzendu eta hobetzeko ondoko proposamenak zehaztu ditu Hobekik:
·Lehenengo funtsezko jardueran hondakinen sorrera gutxitzeko industriara bideratutako diru laguntzez ari da, besteak beste. Eskatzen dena da, bermatzea, hor planteatzen diren diru laguntzak hondakinen prebentziora bideratuko direla.
·Bigarren funtsezko jardueran, kontraesanak topatu dira. Izan ere, zabortegiak itxi eta aldi berean zabortegiak handitzea, jarduera berean kokatu baitira. Beraz eskatzen da, zabortegiak handitzeko aukera erabat murriztea.
·Hirugarren funtsezko jardueran hondakinei dagokien hainbat lege-garapen agertzen dira oso modu nahasian. Tartean, sorkuntzaren araberako ordainketa arautzea. Gai hau hondakinen prebentzioan ezinbesteko dela kontutan hartuta, Hobekitik eskatzen da, plan honek bermatu dezala sorkuntzaren araberako ordainketa-eredu bat sustatuko dela EAEn.
·Laugarren funtsezko jardueran, zabortegietara bideratutako hondakinen kanona aipatzen da. Gure eskaera da, kanon hau errauste plantara bideratutako hondakinei ere ezartzea, Kanon bera izatea EAEko hiru probintzietan eta kanon hauetatik jasotako diruaren % altu bat, hondakinen prebentziora eta Tokiko Erakundeetara bideratzea.
·Seigarren funtsezko jardueran, hondakinen tarteko-biltegiratzerako, soluzio publiko-pribatua planteatzen da, egiteko modu hau hondakinen kudeaketa eredu hoberena balitz bezala. Zaldibarren gertatutakoak gertatuta, eskatzen dena da, azpiegitura hauek erabateko kudeaketa publikoa izatea, hau izango baita kontrol eta baldintza egokiak betetzen direla bermatzeko modu eraginkorrena.
·Zazpigarren funtsezko jardueran, zabortegietan bukatzen duten plastikoei irtenbidea bilatze asmotan, plastiko hauek bereziki erraustegira bideratzea aipatzen da. Honen aurrean, Hobekitik, hondakinen kudeaketarako hierarkia errespetatzeko eskatzen da. Esaterako, plastikoaren prebentziorako ekintza sorta bat osatuz.
·Bederatzigarren funtsezko jarduera edukiontzien berrerabiltze eta kalitate altuko birziklapenari buruzkoa da, eta SDDR sistemetan jartzen du azpimarra. Hobekitik hainbat zuzenketa planteatzen dira: batetik, kalitatezko birziklapena zer den zehaztea, bestetik, guzti honek bete beharreko epe, merkaturatze eta diseinu obligazioak ezartzea, eta baita guzti honen kontra doan ekintzak debekatu eta zigortzeko araudia zehaztea ere. - Bederatzigarren alegazioa bio-hondakinei buruzkoa da. Deigarria da hondakinen prebentzio plan bati buruz ari garela kontutan hartuta, plan guztian zehar lurraren, konpostagailuen edota auzo-konpostaren inongo aipamenik ere ez jasotzea. Honen aurrean, Hobekitik, bio-hondakinak kudeatzeko hainbat neurri plan honen barnean sartzea, eskatzen da:
·Elikaduraren xahubideari aurre egiteko neurriak.
·Udal guztietan bio-hondakinen bilketa ezartzea.
·Bio-hondakinen kudeaketan gertutasun printzipioa lehenestea.
·Bio-hondakinetatik sorturiko konpostaren erabilera anitza sustatzea (nekazaritza, lorezaintza, obra publikoak, etab…). - Bederatzi alegazio hauetaz gain, hamargarren puntuan ondoko eskaerak batu ditu Hobekik:
·EAEn pixoihalak birziklatzeko aukera ezartzea.
·Plangintza honetan gailuen “konpontzeko eskubidea” sartzea.
·“Ekoizlearen erantzukizun zabaldua” ezartzea.
·SDDR sistemak RAEEentzat ere aurreikustea. (gailu elektronikoentzat)
·Fluxu espezifikoetan (gurpilak, metala, etab.) zirkulartasuna bultzatzeko neurriak sustatzea.
·Plan honek Ekonomia Zirkularraren EAEko planarekin nola bat egingo duen zehaztea.
Alegazio eta eskaera horiek guztiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal guztien esku jarri ditu Hobekik, bere webgunean. Alegazioak aurkezteko azken data abuztuaren 17a izango da.