Katakraken esperientziaren berri izanda itxi da 'biyurri hitzaldien' zikloa
Ekonomia sozial eraldatzailea ardatz duen Iruñeko liburu dendaren esperientzia eman du Juan Etxenikek. Biyurrieneak antolatutako seigarren hitzaldia izan da.
Astearte arratsaldean egin zuten hitzaldiko irudia. Pasa den asteartean, hilak 27, Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan Katakrak Iruñeko proiektuari buruzko hitzaldia egon zen, Biyurri hitzaldiak zikloaren barruan. Liburu denda izateaz gain, kantina du egitasmoak, baita argitaletxea ere. Ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta funtzionatzen du.
Biyurrieneak antolatutako hitzaldian, Juan Etxenike Katakrakeko kooperatibista egon zen dinamizatzaile.
Saioan zehar, Katakraken proiektuaren bilakaera, Iruñeko Kale Berriko topaleku horren ildo filosofikoak, egindako bazkide kanpainak, antolatutako ekitaldiak eta etorkizunerako erronkak azaldu zituen Etxenikek, besteak beste.
Hitzaldiaren ondoren, hizlariak eta bertan egondakoek solasaldi batean ideiak partekatu zituzten.
Biyurrieneak adierazi duenez, oso interesgarria izan da hitzaldia, eta “gogoz” daude Iruñera bisita bat egitera joateko.
Horrenbestez, Biyurrieneak sei hitzaldiko zikloa itxi du. Gai oso ezberdinak jorratu dituzte azken sei astearteetan.
