Sormenaren lapikoan egositakoak, plazara
Sortzaile Azoka egingo dute bihar, estreinakoz. Artisau eta artegileek beren lana erakutsiko dute, merkatuan egun osoz, eta sortzaileen emanaldien bidez arratsaldean. Nondik norakoak azaldu dituzte.
Oiartzungo Sortzaile Azoka egingo dute bihar, estreinakoz. Herria majo girotu nahi duen iniziatiba da, sortzaile, artisau eta artegile zerrenda luzea batuko baita eliza inguruko plazatxoan.
Bi zati edukiko ditu. Alde batetik, artisau eta artegileek beren lanak erakutsi eta salgai izango dituzte, egun osoan zehar. Bestetik, arratsaldean, herriko sortzaile gazteen emanaldiekin gozatu ahal izango da.
Kafe baten bueltan erein zen Oiartzungo gazte sortzaileei erakusleihoa emateko ideia, Luix Mitxelenak azaldu duenez. Lohizune Telletxearekin geratu zen otsaileko arratsalde batean, zerbait hartzeko, bestelako intentziorik gabe.
Hizketan hasi eta kezka berbera partekatzen zutela konturatu ziren: «Ikusten genuen gazte sortzaileak elkartu egin behar ginela, eta zerbait egin behar genuela, talde bat edo». Mitxelena ez zen urrutira joan eredu bat topatzeko.
Lau kilometro besterik ez: «Buruan neukan eredua zen Mikelazulo, Errenteriakoa. Bertako kide den Oier Guillanekin lan batzuk egin ditut, eta hari entzun diot askotan horri buruz hizketan». Aitortu duenez, askotan desio izan du Mikelazulo bezalako proiektu bat Oiartzunen.
Solasaldi horren ondoren, ideia tiraderan gordeta utzi zuten, momentuaren zain. Maiatzean iritsi zen argitara ateratzeko unea. Telletxeari Jai Batzordetik deitu zioten, Kulturabiruserako ekarpenen bat egiteko. «Batzordean komentatu zuten ez zirela xanistebanak egingo eta diru partida kultura ekitaldietara bideratuko zela. Buruan geneukana egiten hasteko momentu egokiena zela pentsatu genuen».
Oiartzungo sortzaile gazteekin elkartzen hasi ziren. Whatsapp taldea sortu, eta hamazazpi lagun bildu ziren bertan. Artisau eta artegileekin harremanetan jarri, eta otsaileko solasaldi hartan zirriborratu zen hura errealitate bihurtuko da bihar.
Askotariko arte eskaintza
Karen Muñoz aritu da azoka txikia antolatzeko kudeaketa lanetan (zerrenda osoa, behean). Hasiera batean, herriko hamahiru artisau eta artegilek erakutsiko zituzten lanak, baina bederatzira murriztu da zerrenda, hainbat arrazoi direla medio.
Muñoz berak argazki laminak, akuarela laminak zein oihalekin egindako artefaktuak erakutsiko ditu bihar, Borealak izen artistikoaren aterkipean.
Muñozek aitortu duenez, kosta egin zitzaien herriko artegileak harrapatzea, datengatik. Hala ere, berak eta Loregorriko Maddalen Aristegik argi zuten herrikoei lehentasuna eman behar zietela.
«Aldi berean», gaineratu du, «aberasgarriago iruditu zitzaigun beste herrietako jendea etortzea, eta beste arte mota batzuk egiten dituzten pertsonak gonbidatzea».
Pixkanaka hasi ziren partaideak lotzen, sare sozialetan partekatutako kartel baten bidez zein Aristegik aurreko azoka batzuetan egindako kontaktuen bitartez.
Artisau eta artegileen lana ikusarazi nahi dute, horretarako aukera gutxi baitaude. Abenduan pandemia aurretik egin ohi zen Txerri Eguna da horietako bat.
Aurtengo ekainean beste azoka bat —elikagaiena, gehienbat— egon zela gogorarazi du Muñozek, baina beraiek bereizi egin nahi zuten, eta arte plastikoen alorrean dabiltzanen lanak eskaini.
«Uste dut herri guztietako sortzaileak antzeko egoeran gaudela, eta horrelako azokek laguntzen dute berriro gure lanak, pixkanaka, erakustera». Herritarrak eliza ingurura hurbiltzera animatu ditu. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara izango den arren, eguerdiko tartean norbaitek pasatu nahiko balu, horretarako libre izango dela esan du Muñozek.
Mitxelenaren esanetan, biharkoa herriko sortzaile gazteen sare hori martxan jartzeko «motorra» izango da. «Motibazioa» eta «ilusioa» antzematen ditu beraiengan, eta biharko espektatiba altuekin daudela onartu du.
Badaki Mikelazulo berri bat sortzea espektatiba «altuegia» dela, baina taldea indartzen joatea da hurrengo pausoa, eta kide berriak gehitzen joatea. «Gauza asko ditugu buruan, baina horiek ametsak dira. Auskalo zer egingo dugun eta zer ez. Kontua antolatzea izango da».
Berak ere oiartzuarrak gonbidatu ditu biharko saioetara —17:30etik aurrera—: «Sorkuntza politak izango direla uste dut. Sortzaile jaio berriak gara eta esperientzia gutxi daukagu, baina aukera polita izango da zer egiten dugun ikusteko».
Artisauak
- Loregorri.
- Oliparok.
- Alaiart.
- Ilargi Aristondo.
- Itsaso Aldai.
- Borealak.
- Lei Lei.
- Ane Narbarte.
- Alain Mendizabal.
- Intza Loperena.
- Maridomingi.
- Berexi Art.
- Koloreztatu.
- Leile.
- Ehunduz.
- Txirikordak.
- Kalima.
- Kaori Faktoria.
- Mikka Pika.
- Arimari.
- Eskutik Eskura.
- Teriya.
- Amaetabiok.
- Celeste Wild Studio.
- Hamarratz.
- Puochinan.
- Maitandu Makrame.
- Xipiroi.
- AMLU.
- Sorginlore.
Sortzaileak
- Malen Elizasu.
- Ekain Elizasu.
- Josu Ibarguren.
- Alain Mendizabal.
- Oihan Astigarraga.
- Izaro Telletxea.
- Udane Eskudero.
- Daniel Picazo.
- Luix Mitxelena.
- Xabier Belaunzaran.
- Paul San Sebastian.
- Beñat Irigoien.
- Xabier Trigo.