«Eskubide murrizketen gorakada» salatu du Etxeratek
Larri gaixo daudenak, 65 urtetik gorakoak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituzten euskal presoak espetxetik ateratzea galdegin du elkarteak, baita izurrira egokitutako «neurri humanoagoak» ere.
COVID-19 gaitzaren hedapena eteteko espetxeetan ezarritako osasun neurriak salatu ditu euskal preso eta iheslarien aldeko Etxerat elkarteak. Euskal presoek pairatutako legedi bereziari osasun neurriak gehituta, «eskubide murrizketen gorakada» antzeman dute elkartekideek.
«Gure senide presoak gaur egun dauden espetxe gehienetan komunikazio intimoak, bisean biseko familiarrak zein bizikidetzakoak bertan behera utzi dituzte», adierazi dute. Horrek «egoera jasanezin batera» daramatzala presoak, senideak eta lagunak erantsi dute: «Zigor gehigarri batera, bai gure senide presoentzat zein guretzat».
Ildo horretan, izurria agertu zenetik «inkomunikazio» neurriak ezarri zaizkiela gaineratu dute, «presoei geratzen zitzaien kontaktu fisiko bakarra ezabatuz». Neurriak arbuiatu dituzte Etxerat elkarteko kideek. Azaldu dutenez, «giza eskubideen eta presoen aldeko estatu mailako elkarteekin batera pertsona presoen askatasunaren alde neurriak hartzea defendatu izan dugu, baita beste osasun-neurri eraginkor batzuk ere». Hala nola, kalean ezarritako prebentzio neurrien antzekoak espetxeetan aplikatzea aldarrikatu dute, «bisean biseko familiarrak eta bizikidetzakoak bermatu ahal izateko eta zuzeneko kontaktua egingarria» izan dadin.
Egoera honen aurrean euren aldarrikapenak argi utzi dituzte Etxerateko kideek: «Gaixotasun larriak dituzten presoak, 65 urtetik gorakoak eta euskal presoen kasuan, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten guztiak espetxetik atera daitezela, eta berriro azpimarratzen dugu neurri humanoagoak aplika daitezela COVID-19ri aurre egiteko, baita espetxean ere, komunikazioak berreskuratu daitezen».