Euskotren Ligara igotzeko play-offean sailkatzeko borrokatuko du Hibaikak
Larunbatean bukatuko da ETE Liga, eta igoerarako txartela lortzeko aukera garbia du Hibaikak. KAE 1-erako play-offean ez da eskualdeko ordezkaririk egongo.
KAE-ko bi mailetako gizonek sasoiari amaiera eman zioten joan den asteburuan. Lehen ligan, buru-belarri ari dira Kontxako sailkapen estropada (irailaren 2an) prestatzen San Juan nahiz San Pedroko eskifaiak; bigarrenek, aldiz, estropada ez puntuagarria dute jokoan asteburu honetan. Larunbateko estropadarekin, gainera, ETE liga bukatuko da, eta baliteke Hibaikak igoerarako txartela eskuratzea.
ETE: Finala
Erandioko bandera eskuratzeko eman beharko dute aurpegia Hibaika eta San Juan-Koxtapeko arraunlariek datorren larunbatean, 17:45ean, bizkaitar udalerrian. Errenteria-Oreretako eskifaiarentzat lehia erabakigarria izango da azken hori, izan ere, hura baita, Deusturekin batera, mailaz igotzeko play-offerako sailkatzeko aukerarik garbiena (bik bakarrik lortuko dute, eta lehen txartela Tolosaldea du jada).
Hirugarren da Hibaika da gaur egun sailkapen orokorrean, Deusturen atzetik, eta Batelerak ontzia laugarren. Oreretarrek bizkaitarrei aurrea hartuko baliete, bigarren geldituko lirateke ETE-ko sailkapen orokorrean eta, beraz, Euskotren Ligarako igoera lehiatuko lukete, bigarren eta azken txartela eskuratuz.
Zilarra bereganatzen duenak igoera fasean parte hartuko du Tolosaldea, Hondarribia (azken izanagatik Euskotrenen) eta Galiziako Ligako onenen aurka, irailaren 18 eta 19an Bermeo eta Portugaleten.
KAE 2: play-offerako ordezkaririk ez
Colindresen (Kantabria) izango dute hitzordua Hibaika eta Illunbek hilaren 28an, larunbata, 19:30ean. Estropada hori ligaren hamahirugarrena izango da (ez puntuagarria).
Igoerarako play-offa ere jokatuko dute hitzordu horrekin bat eginez, baina aurtengoan ez da Oarsoaldeko ordezkaririk izango mailaz igotzeko norgehiagokan, Hondarribia B, Portugalete, Castro eta Camargo ahaleginduko dira KAE 1-en arraunkadak ematen datorren sasoian (play-offari buruzko informazio guztia, hemen).