Hirugarren bonu kanpainarako izena eman dezakete establezimenduek oraindik
Errenteria-Oreretaren suspertze ekonomikoan eragitea du xede Bizi Errenteria kanpainaren barruan, udalak epe laburrean abiatuko duen hirugarren bonu kanpainak.
Errenteria-Oreretaren suspertze ekonomikoan eragitea du xede Bizi Errenteria kanpainaren barruan, udalak epe laburrean abiatuko duen hirugarren bonu kanpainak. Udalerriko establezimenduei arnasa eman nahi die kanpainarekin hirugarrenez, herritarrak udalerriko komertzioetara erakarrita, baina baita herritarrei ere, Errenteria-Oreretako establezimenduetan erosteagatik sarituta.
Irailaren 6tik abenduaren 3ra izango da indarrean hirugarren kanpaina, eta urreko bietan bezala, bonuak herriko etxebizitza guztietara helaraziko ditu udalak: 5 euroko lau bonu izango dira denera, 10 euro edo gehiagoko erosketetan erabiltzeko, banaka edo batera.
Une honetan 300 bat saltoki ari dira parte hartzen Bizi Errenteria kanpainaren barruan bonu kanpainatan, baina kopuru hori handitzea du helburu udalak. Horren harira, oraindik ere bat egin ez duten establezimenduak atxikitzera deitu ditu. Erraza da prozedura. Interesdunek, Bizi Errenteria web orrialdean sartu eta galdetegia beteta bidali beharko dute. Handik egun batzuetara, izena eman berri duen establezimendua, bat egin duten saltokien zerrendan azalduko da web orri horretan bertan.
Merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta jatetxeetako txikizkako establezimenduek egin dezakete bat kanpainarekin; kanpo gelditzen dira firma handiak, edo ezarpen handia duten enpresen filialak eta 400 metro koadrotik gorako azalera duten establezimenduak.
Edozein zalantza argitzeko, kanpainarekin bat egin nahi duten establezimenduek 010 edota 943 44 96 00 udal telefono zenbakietara dei dezakete. Dagoeneko bat egin dutenek aurreko kanpainetan, ez dute atxiki beharko berriro.