Dendetako eta kultur aretoetako aforoa %60koa, eta ostalaritza guneena %50ekoa
Labik gaur hartutako aforo malgutzeak irailaren 1ean jarriko dira indarrean. 01:00etako itxiera ordua bere horretan mantendu dute.
Erakunde arteko Labiak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabarako COVID-19aren zabalkundea ekiditeko ezarritako neurriak malgutzea erabaki du gaur goizean. Hala, kultur areto eta dendetan ezarritako gehienezko okupazioa %60ra handitzea adostu du, eta ostalaritza guneen barrualdean %50ra mugatu du bertan izan daitezkeenen kopurua (lehen %35ekoa zen); horietan, mahai berberean zortzi pertsona egon ahal izango dira, baina ezin izango da barran edo zutik kontsumitu.
Gizarte, kultura edo kirol-ekitalditarako esparruetan (okupazio ehunekoa kontuan hartuz) gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan. 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeetan 800 pertsonako maximoa ezarri da, eta kanpoan 1.200 pertsonakoa. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak betez.
Merkataritza, gizarte eta kultura jarduera guztiak 01:00etan bukatzeko ordutegiak bere horretan jarraituko du.
Malgutze horiek irailaren 1ean sartuko dira indarrean.