Oarso Bidasoko zazpi traineru, Kontxan egoteko eskubidearen bila
Emakumeetan Hondarribia, Hibaika eta San Juan joango dira zazpi plazetako baten bila; gizonetan, Hondarribia, San Pedro, San Juan eta Hibaika.
Datozen bi igandeetan (irailaren 5 eta 12an) izango da jokoan 2021eko Kontxako Bandera, gizonena eta emakumeena. Bertan egoteko, ordea, sailkatu behar. Bai emakumeen zein gizonen sailkapen estropadak aste honetan egingo dituzte. Emakumeena bihar da (irailak 1, asteazkena), eta gizonena etzi (irailak 2, osteguna). Biak ala biak 17:30ean hasiko dira, erlojupeko modalitatean. Oarso Bidasoko zazpi traineru izango dira sailkapen norgehiagoka horietan, emakumeen nahiz gizonen banderarako ezarrita dauden zazpi plazetako bat lortu nahian (zortzigarren tokiak Donostiarrako traineruenak dira). Orotara, sailkapen estropadarako 44 ontzik eman dute izena, 24 gizonenak eta 20 emakumeenak.
Emakumeetan Hondarribia, Hibaika eta San Juan ariko dira biharko sailkapen estropadan. Berdeek dute sailkatzeko aukera garbiena, eta sasoian ikusitakoaren arabera, Hibaikak ere plaza eskuratzeko aukera ona du. San Juanek asko borrokatu beharko du aurten ere Kontxan egoteko.
Hondarribia eta Hibaika sailkapen estropadako A multzoan daude, EuskoTren Ligako, ETE Ligako onenak, eta Galiziako Ligako aurrenak daudenen taldean alegia. Haiekin batera honako traineruak daude multzo horretan Cabo, Perillo, Chapela, Zumaia, Deustu, Donostia Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea. B multzoko traineruen artean dago San Juan, honako taldekideekin: Castro, Mugardos, Isuntza, Lapurdi, Lutxana, Nautico Riveira, Ondarroa, Tiran eta Zarautz.
Bi taldeen irteera ordena, eta talde bakoitzaren barruko traineruek izango dutena zehazteke dago.
Gizonen sailkapena
Gizonen kategorian Hondarribia, San Pedro, San Juan eta Hibaika izango dira Oarso Bidasoko ordezkariak. Ostegunean (17:30) zazpi plazetako bat lortzeko faborito oso garbi da Hondarribia, besteak beste, Eusko Label Ligako bigarren direlako eta Kontxako azken hiru ekitaldiak irabazi dituztelako. San Pedrok eta San Juanek oso zail dute Kontxan egotea, eta Hibaikak ia ezinezko. Edonola ere, pronostikoak uretan berretsi behar dituzte traineruek. Trintxerpe-Illunbek ez du parte hartuko.
Gizonetan ere bi talde daude sailkapen estropadarako. An dago Hondarribia, Eusko Label Ligakoekin, KAE1 Ligako onenekin, eta Galiziako Ligan hoberen doazenekin batera. Honakoak dira Ama Guadalupekoa traineruaren taldekideak: Bermeo Urdaibai, Cabo, Ares, Getaria, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zierbena. B taldekoak dira, berriz, San Pedro, San Juan eta Hibaika; honakoak dira euren multzoko besteak: Arkote, Castro, Zumaia, Deustu, Kaiku, Lapurdi, Mutriku, Camargo eta Pedreña.