Enrike Abril errebote txapelketarekin hasiko da pilota denboraldia
Txapelketaren 58. ekitaldia izango da aurtengoa. Etxeko taldeak Luzean taldearen bisita jasoko du igande goizean, Beheko Plazan.
Enrike Abrilen omenezko txapelketaren 58. ekitaldia datorren igandean —hilak 5— hasiko da. 2021-2022 pilota denboraldia irekiko duen torneoa izango da.
Txostek ez du hutsik egingo. B multzoan arituko da, Lapurdiko bi talderen kontra. Igandean, 11:00etatik aurrera, Luzean Donibane Lohizuneko taldekoekin ariko dira nor baino nor, Beheko Plazan. Hurrengo astean, toki eta ordu berean, Kanboarrak taldearen bisita jasoko dute.
Ligaxka fasea hilaren 19an itxiko da. Luzean-ek eta Kanboarrek Oiartzunen jokatuko dute. Kasu horretan ere, 11:00etan hasiko da partida.
A multzoan beste hiru talde arituko dira: Behar Zana (Villabona), Zaharrer Segi (Baigorri) eta Zubieta.
Multzo bakoitzean sailkatutako lehenengo biak finalerdietara pasatuko dira; lehenengo eta bigarren sailkatuen arteko gurutzaketak izango dira. Hilaren 26an izango dira kanporaketa horiek.
Dena ongi joanez gero, partida horien irabazleek finala urriaren 3an jokatuko dute. Oiartzungo Beheko Plazan izango da Enrike Abril txapelketako aurtengo irabazlea erabakiko duen norgehiagoka.