[Erreportajea] ‘Geuretik sortuak’ saretzen
Euskarazko artea sustatzeko zirkuitu nazionalean, 26 artistek bere herria ez den batean egonaldi artistikoa egingo dute. Metrokoadroka kolektibo oiartzuarrak Lore More taldeari utziko dio antzezlekua.
Euskal lurraldea hiru eremu administratibotan zatituta badago ere, bada zerbait horiek guztiak osatzen dituzten udalerriak batzeko gai dena: euskal kultura. Sinesmen horretatik abiatuz, udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzen dituen Udalbiltza erakundeak Geuretik sortuak proiektua jarri du martxan.
Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena sustatu nahi dituen zirkuitu nazionala da hori, premisa batetik abiada hartu duena: «Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dute egin».
Oiartzungo Udalak eta Udalbiltzak hitzarmena sinatu zuten uztailaren 13an. Akordio horri esker, herrian egonaldi artistikoa egingo du Lore More Nafarroako antzerki konpainia, eta Oiartzundik Atarrabia eta Uhartera (Nafarroa) lekualdatuko da, asmo berberarekin, Metrokoadroka kolektiboa.
Labaderoan oinarrituta egingo dute emakume nafarrek sorkuntza berria
Iosune Cousillas Kultura zinegotziak aitortu du udal arduradunek ez zutela duda egin herriak batzeko iniziatibaren berri izan zutenean: «Gure proiektuaren barruan dago nolabait euskal kultura eta euskal sortzaileak suspertzea, horiei plazak ematea. Horregatik, proposamena egin zenetik, guk garbi ikusi genuen parte hartu behar genuela».
Lore More, unerik zehatzenean
Lore More konpainiak Trapu zikinak antzerki sorkuntza kolektiboa onduko du Oiartzunen. Hiru asteko egonaldia hasia dute abuztuaren bukaeratik, Karrika auzoko Iturburu eraikinean bizi dira ordutik lau taldekideak: Maialen Diez, Mikele Urroz, Laura Villanueva eta Lucia Ezker.
Bai kultura arloko udal arduradunak bai antzezleek bat egin dute kokapenaren nahiz dataren egokitasunean. Izan ere, Labaderoan oinarrituta egingo baitute emakume nafarrek sorkuntza berria, eta luze darama Oiartzungo Udalak garbitokiaren funts historikoa aintzatesten. Eraikina berritu eta, emakumeei zuzendutako tailerren bidez, mosaiko murala osatu dute hainbat oiartzuarrek Alaia Gaztelumendi, Onintza Etxebeste eta Idoia Beratarbideren gidaritzapean.
Azken artista hori, Beratarbide, Metrokoadroka kolektiboko kide ere bada. Talde oiartzuarrak egin du lehen hartu-emana jomuga izango dituen bi udalerri nafarrekin, eta irailean dira bueltatzekoak, hortik aurrera joan-etorrian ibiliko direlarik.
Oiartzuarrek badute eskarmentua site-specific motako antzezlanekin
«Asmoa da bi herrietako jendearengandik jasotzen dugun informaziotik abiatuz gure obrari osotasun bat ematea», azaldu du aktoreak, «herrien kulturaren atzean dagoen jendearen istorioak ikusgarri bihurtu eta omentzea». Horiek Bidaide izenpean taularatuko dituzte.
Oiartzuarrek badute eskarmentua site-specific modalitateko antzezlanekin, alegia, herri edo espazio jakin batetara egokitutako sorkuntzekin. Gogoz ekingo diote aukera berriari, sinetsita baitaude kolektiboa azken aldian jorratzen ari den ildoarekin bat datorrela proposamen berria: «Herriko istorioak eta jendea ezagutu behar dira, eta zentzu horretan ongi enkaja dezake gure azken sormen lan motekin».
‘Geuretik sortuak’, 2022an, etxean
Datorren urteko urtarriletik irailera arte Oiartzunen ikusi ahal izango dira Geuretik sortuak proiektutik ernaldutako lan guztiak, horien artean Lore More eta Metrokoadroka taldeen obrak. Guztira bost antzezlan izango dira, bost ikus-entzunezko lanekin sortutako film bateratu bat, eta hamasei literatur obrarekin osatuko den liburua.
Euskal artisten sormena eta euskal herrien izatea uztartu, eta bertatik bertara zabalduko dute literatura, antzerkigintza eta zinemagintza arloko 26 artista eta elkartek. Cousillasek zehaztapenak eman ditu: «Euskal Herria herri bat da, eta hortaz, euskal kultura zabaldu behar dugu ez bakarrik Oiartzunen, baizik eta herri guztietan, euskal sortzaileek eta kultura bultzatzen dutenek plazak izan ditzaten».
Hala, hainbat alorreko egitasmoak sustatuz, Euskal Herria saretu nahi dute Udalbiltzarekin bat egin dutenek, sorkuntza ahaleginetatik jaiotako herrigintza izanik ipar-orratz.
TESTIGANTZAK
Literatura, antzerkigintza eta zinemagintza arloko 26 artista izan dira hautatuak Udalbiltzaren Geuretik sortuak iniziatiba gorpuzteko; horietako bi dira Lore More antzerki talde nafarra eta Metrokoadroka kolektibo oiartzuarra. Esleitu zaien herrietan aitortza eta aintzatespen lana egingo dute, ikusezin izan direnen historia oholtzaratuz.
Maialen Diaz Urriza. Lore More antzerki taldea: «Gogoarekin genbiltzan memoriarekin zerikusia zuen lanketa bat egiteko»
Guretzat oso garrantzitsua da Udalbiltzari eskerrak ematea deialdi hau atera izanagatik, iruditzen zaigulako euskal kultura sustatzeko apustu oso potentea egin dutela, asko eskertzekoa, ikusten den eta ikusten ez den lan guztiagatik. Diziplina askotan eragina izango duen aukera da, baloratzekoa, eta zentzu horretan oso pozik gaude arte eszenikoetan hautatuak izanagatik.
Lore More antzerki taldean gogoarekin genbiltzan memoriarekin zerikusia zuen lanketa bat egiteko. Kuriositate handia sortzen ziguten labaderoek, finean, aspaldian zirelako emakumeak elkartzeko leku bat, erlijiosoa edota espetxea ez zen gune ez misto bakarra, eta gure buruari galdetzen genion zer nolakoa izan behar zuen espazio horretako giroak.
Esan ohi da trapu zikinak etxean garbitzen direla, baina garbitokiak publikoak ziren, eta errealitate hori metafora bihurtuta pentsatu genuen zer nolako balorea izango zuen emakumeen arteko elkarbizitza espazio horrek, nolabait omenaldia egiteko ere hain gutxi baloratu izan den garbiketa lanari.
Idoia Beratarbide Arrieta. Metrokoadroka kolektiboa: «Askotan ez da kontuan hartzen aurretik dagoen lanketa guztia»
Laguntza honek eskatzen du lan egingo duzun herria ez ezik, herriko istorioak eta jendea, eta euren lanak, kontuan hartzea. Zentzu horretan, bat egiten du guk aurretik lantzen genuen sormen ildoarekin.
Interesgarria iruditzen zaigu benetan kontutan hartu delako sormen prozesua. Askotan ez da kontuan hartzen aurretik dagoen lanketa guztia eta hori egiteko denbora, espazioa eta baliabideak behar direla, eta uste dugu laguntza honek hori guztia oso kontuan izan duela. Behin sortu duzula, plazak edukitzea lan hori erakusteko, ez da oso ohikoa izaten.
Metrokoadroka multidiziplinarra da, eta Atarrabian nahiz Uharten, uste dugu bai herri batean eta bai bestean sormen mota ezberdin asko bultatzen dituztela, eta nola ohituta gauden gu ere diziplina ezberdinekin lan egitera, oso pozik gaude.
Kulturgintzan, herri bakoitzak badu bere historia eta istorio piloa ezagutzen ez ditugunak, eta interesgarria iruditzen zaigu hori guztia erakustea. Kulturgile anonimoen gaia landuko dugu, urteak kultura bultzatzen egon diren horiek omentzeko.