Gobernantza publiko komunitarioaren gaineko ikastaroan plaza libreak daude oraindik
Aldaketa bat izan da programan agenda arazoak direla medio. Lleidako alkate Miguel Pueyo i Parisen ordez, Dolors Sabater Puigek hartuko du parte.
COVID ondorengo tokiko gobernantza publiko komunitarioaren erronka ikastaroan plazak daude oraindik libre, udalak jakinarazi duenez. Horrekin batera, aldaketa baten berri ere eman dute. Agenda kontuak direla eta, parte hartu behar zuen Lleidako alkate Migule Pueyo i Parisen ordez Dolors Sabater Puig arituko da jardunaldian. Pedagogoa eta irakaslea da Sabater, ibilbide luzea egin du mugimendu sozial eta kulturaletan, eta Badanolako alkate izan zen 2015 eta 2018 artean Guanyem Badalona en Comu herri plataformaren eskutik.
Gaur egun, Kataluniako parlamentuan CUP-Guanyem hautagaitzako parlamentaria da.
Lekuona Fabrikak hartuko du ikastaroa, Sorlekuak zehazki eta hilaren 9 eta 10ean izango da. Programazioa osorik hemen kontsulta daiteke, eta bertan egin daiteke matrikula. Hala ere, laguntza behar dutenek Lekuona Fabrikara jo dezakete. Oraindik plaza libre gutxi batzuk daude.
Helburu hirukoitza du ikastaroak. Batetik, udalgintza publiko komunitarioaren inguruko ekarpen teorikoak ezagutzea bilatuko dute; bestetik, COVID testuinguruko politika publikoen praktika zehatzak ezagutzea; eta azkenik, COVID ondorengo tokiko politiken erronken gaineko gogoeta egitea.
Antolatzaileen ustez, COVID-19ak, aldatu egin du politika publikoak egiteko testuingurua eta azkartu, halaber, aurretik gizarte gisa zeuden hainbat erronka, tartean, digitalizazioa, osasun eta zaintza sistemen hauskortasuna, aldaketa klimatikoa… Bestalde, pandemia, gertuko instituzio diren neurrian, udalek, herritarren ongizatea bermatzeko jokatzen duten paperaren gaineko kontzientzia indartu du eta praktika berriei ateak zabalduz.
Errenteriako Udalak, azken urteetan, gobernantza publiko komunitarioan oinarritutako gobernantza eredua garatu du, eta COVID-19ak, molde berriekin bada ere, eredu horretan sakontzeko aukera eman du.
Lehen aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena, tamaina honetako ikastaro bat herrian bertan jasota. Horren harira, unibertsitate publikoarekin jorratutako bideari eta lanari balio eman nahi izan dio udalak, “ikastaroak pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenteria-Oreretan, eguneroko praktikaren zurrunbiloari pausatzeko abagunea eskainita. Izan ere, lankidetzarako eta herriaren garapenerako hainbat espazio eta proiektu martxan ditugun honetan, tartean HAPOaren prozesua edo Lekuona Fabrika, gogoetarako espazio honek gure prozesu propioak elikatzeko aukera eskainiko digu, gure jarduna hobetzekoa”.
Errenterian erroldatutakoak doan dute matrikula. Gainontzekoek EHUren beste ikastaroetako prezioa ordaindu beharko dute.