Astetik astera %56 egin dute behera kutsatuek
31 PCR positibo atzeman dituzte aste honetan zehar Oarsoaldean, joan den astean, epe berdinean, baino 39 gutxiago. Herri guztien tasak behera darraite.
Erdia baino gehiago egin du behera kutsatuen kopuruak astebetean. Beherakada nabarmena atzeman dute azken astean Oarsoaldean, koronabirusaren kutsatuei dagokienez. Joan den asteko datuekin alderatuz, %56 kasu positibo gutxiago hauteman dituzte Errenteria-Orereta, Oiartzun, Pasaia eta Lezon: joan den ostiralean 70 ziren, eta 31 dira gaur.
Astelehenetik ostegunera arteko datuek erakusten dute behera doala kutsatuen kurba, orain arte baino abiadura biziagoz, gainera. Izan ere, kutsatuen herena hauteman dute Oiartzun eta Lezon, eta erdia baino gutxiago Errenteria-Oreretan. Beherakada txikiena Pasaiak jasan du: 13 positibotik 10era.
Gauzak horrela, joan den astean bezala, eremu horian jarraitzen du Errenteria-Oreretak, eta zaku laranjatik horira jaitsi da Pasaia. Laranjan jarraitzen du Lezok, aurreko ostiralean bezala, eta Oiartzun batu zaio gaur (aurreko astean oraindik zonalde gorrian zen azken hura).
Honakoak dira joan den asteko datuak, aurrekoarekin alderatuta:
- Errenteria-Orereta: Tasa: 164 (aurreko astean 228koa zen) Kutsatuak: 12 (aurreko astean 30 izan ziren). Astelehena-asteartea-asteazkena-osteguna: 4-1-3-4.
- Oiartzun: Tasa: 309 (aurreko astean 472koa zen) Kutsatuak: 5 (aurreko astean 15 izan ziren). Astelehena-asteartea-asteazkena-osteguna: 1-2-1-1.
- Pasaia: Tasa: 227 (aurreko astean 340koa zen) Kutsatuak: 10 (aurreko astean 13 izan ziren). Astelehena-asteartea-asteazkena-osteguna: 4-2-3-1.
- Lezo: Tasa: 378 (aurreko astean 394koa zen) Kutsatuak: 4 (aurreko astean 12 izan ziren). Astelehena-asteartea-asteazkena-osteguna: 0-2-1-1.
