Lezoko Jai Batzordeak Santakrutz Jaiak bertan behera uztea erabaki du
Herriko festak osasun segurtasun neurri guztiekin antolatzeko baldintzarik ez dagoela ondorioztatu du herriko eragileak eta udala biltzen dituen batzordeak.
Konfirmazioa iritsi da. Lezoko Jai Batzordeak Santakrutz Jaiak bertan behera uztea erabaki du: “COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, eta egoera hobetzen ari bada ere, festak osasun segurtasun neurri guztiekin antolatzeko baldintzarik ez dago”. Ahobatezkoa izan da batzordekideen erabakia, eta hori hartzeko herriko eragileekin hainbat bilera egin direla jakinarazi du udalak (batzordekide da ere udal erakundea).
Osasun segurtasun neurrietan enfasia jarri dute Jai Batzordea osatzen dutenek. Zehaztu dute antola daitezkeen ekitaldietan distantzia mantentzea oso zaila dela, “herritar guztien osasuna da lehentasuna”. Osasun datuei erreparatuz, COVID-19aren 100.000 biztanleko tasari dagokionez azken egunetan herria eremu gorri eta laranjaren artean izan dela zehaztu dute batzordekideek, “astero kutsatuak daudelako”.
Lezoko Udalak azken urte eta erdian herritarrek izan duten jarrera goraipatu du, “egoera oso zaila izan delako”. Baina aldi berean oroitarazi du osasun segurtasun neurriak zaindu behar direla, eta zentzu horretan lezoarrei “gizalegez” joka dezatela eskatu die, birusaren zabalkundea saihesteko. “Gaurtik aurrera 2022k0 santakrutzetan pentsatzen hasiko da udala. Hauek bai, ospatzeko ilusioarekin”.