Ondartxoko zaborraren aurkako protestara batu da 'Mater'
San Pedroko ontzi museoak lotsagarritzat jo du farora eta puntetara doan bidearen egoera: "Oso larria iruditzen zaigu hainbeste zakar topatzea".
Joan den asteazkenean berrireki zuten, urte eta erdi itxita egon ondoren, San Pedroko puntetara eta farora doan Ondartxo pasealekua. Ordutik, hainbat eta hainbat izan diren bidearen irekiera pozez hartu dutenak, eta agerikoa da hori, jendetza ibili baita paseoan azken egunotan, baita euripean ere.
Dena den, ez da dena ospakizun izan; pasealekuko zenbait bisitarik lehen irekiera orduetatik salatu dute zabor pilaketa nabarmenak daudela bidearen bazterretan. Plastikozko poltsak, garagardo- eta freskagarri-potoak, litxarreria poltsak, botilak eta orotariko hondakinak topa daitezke barrutiko biderik garrantzitsuenean.
Mater museoak bat egin du joan den asteazkenetik hainbat bizilagunek sare sozialen bidez egindako salaketa publikoekin, lotsagarritzat joaz bidearen egoera: “Oso larria iruditzen zaigu hainbeste zakar topatzea“. Irekieragatik poztu badira ere, ontzi ekoaktiboko kideek onartezin iritzi diete zabor pilaketei.
Hainbat sanpedrotarrek salatu dute 2019ko (orduan itxi zuten bidea) arazo berdinak dituela, egun oraindik ere, paseoak, eta, argibideak eskatuta, erantzunak orduko berbera izaten jarraitzen duela: “Betikoa, portuaren esku dago garbitzea, etab.; betiko kontuak!”. Bidearen eskumena Pasaiako Portu Agintaritzari dagokio.