Oiartzunek porrotarekin hasi du denboraldia
Gol bateko aldeagatik galdu dute oiartzuarrek, Añorgaren zelaian. Etxekoek bigarren zatiaren lehenengo minutuetan sartu dute partidako gol bakarra.
Oiartzun Kirol Elkarteko emakumeen talde nagusiak larunbat arratsaldean hasi zuen 2021-2022 denboraldiko ibilbidea. Ezin izan zuten ibilaldia modu onean hasi.
Añorgaren etxean gipuzkoarren arteko derbia jokatu zuten. Derbia izanik, markagailuak alde txikia erakutsi zuen. 1-0 nagusitu ziren Rezola futbol zelaiko egoiliarrak, bigarren zatiaren hasieran sartutako gol bati esker.
Datorren asteburuan jokatuko dute etxeko lehenengo partida. Larunbat arratsaldean —18:00etan, zehazki— jasoko dute Mutilveraren bisita. Nafarroako taldeak etxean galdu zuen atzo, Realaren kontra. Bide batez, talde txuri-urdinean Ane Etxebeste oiartzuarrak debuta egin zuen.
Mutilen talde nagusiak datorren asteburuan egingo du debuta. Andoaingo Euskaldunaren bisita jasoko dute Karla Lekuonan. Mutilen bigarren taldea ere bai asteburu honetan hasiko da, Rotetaren zelaian.